PC, Switch, Android eta iOS plataformetan joka dezakegu gure hizkuntzan. Damien Mayance garatzaileak 2020an kaleratu zuen Panel de Pon estiloko titulua.

Arkade estiloko partidak puzzleekin uztartzen dituen Flipon bideojokoak 2.0 eguneraketa jaso du. Dakartzan berritasunen artean esanguratsuena euskaratzearen gehikuntza da; izan ere, Damien Mayance sortzailearekin elkarlanean lokalizatu du Game Erauntsia Elkarteak.

Mayancek itzulpena tituluaren plataforma guztietarako inplementatu du: ordenagailuetan (Steam bidez), Nintendo Switch kontsolan zein Android eta iOS gailu mugikorretan aurkituko dugu gure mintzairan. Esan bezala, lokalizazioa azken adabakiarekin batera gehitu da jokora, beraz ofizialki joka dezakegu euskaraz; hau da, menu nagusian hizkuntzen aukeren artean aurkituko dugu gurea, mod-ik instalatu gabe.

Panel de Pon edo Tetris Attack erako bideojokoa dugu Flipon. Koloreetako blokeak elkartzea izango da gure helburu nagusia: kolore bereko hiru lerrotzerakoan hauek desagertu egingo dira, puntuak eskainita. Mugimendua mugatuta egongo da, baina; blokeok albokoekin lekualda ditzakegu soilik.

Erabaki aproposak hartzea izango da gakoa, baina azkar ibili beharko gara. Blokeren batek sabaia joz gero, partida bukatuko da guretzat. Zorionez, Fliponek hainbat laguntza eskainiko dizkigu: adibidez, konboak lortzerakoan blokeen igoera geldiarazi egingo dugu, hurrengo mugimendua prestatzeko denbora eskainita. Gainera, blokeak desagerrarazteko sei eraso berezi erabiltzeko aukera edukiko dugu hauen barra betetzerakoan.

Modalitate anitzak proposatzen ditu Mayancen abenturak. Nola ez, istorio joko mota daukagu: bost mundutan banatutako 75 mailek erronka desberdinak aurkeztuko dizkigute. Horien artean, nabarmentzekoak dira buruzagi zitalen aurkako borrokak.

Kanpaina nagusiarekin batera Eraso Puntuak, Erronka eta lagunen aurka aritzeko Versus modalitateak prestatu ditu garatzaileak. Ez hori bakarrik: gure mailak sortzeko eta partekatzeko aukera daukagu Zure Mailak izeneko joko motan. Espazioko puzzle abenturok, agerikoa den bezala, anime estiloko estetika koloretsuarekin nahiz ederrarekin aurkezten ditu Fliponek.

Bideojokoa 2020an kaleratu bazuen ere, eguneraketen bidez berritasunak gehitzen jarraitzen du Mayancek. 2.0 adabakiak euskara inplementatzeaz gain, partida askea, oreka aldaketak, zuzenketak zein mailetatik jauzi egiteko aukera gaineratu ditu.

Flipon euskaraz goza daiteke dagoeneko PCan, Switchean eta Android zein iOS gailu mugikorretan.