1989. urtean abiatutako manganimean agertuko pertsonaiak bideojokoen mundura ekarriko dituen lehen titulu handia izango da.
Square-Enix enpresa japoniarrak Infinity Strash: Dragon Quest The Adventure of Dai ARPG tituluaren kaleratze data jakitera eman du: irailaren 28an estreinatuko da Euskal Herrian Flyren abenturak izenarekin ezagutzen dugun manganimearen bideojokoa.
Akziozko RPG honetan Dai (Fly), Popp, Maam, Hyunckel eta bestelako protagonistak kontrolatuko ditugu, bakoitza bere ezaugarriekin eta mugimenduekin.
Dynasty Warriors eta honen spin-offak gogora ekartzen dituzten borrokak izango dira nagusi; hau da, pertsonaia bakarrarekin —une batzuetan laguntza jaso dezakegu— dozenaka arerioren aurka ariko gara, eraso arruntak zein mugimendu berezi hilgarriak eta ikusgarriak erabilita hauek akatzeko. Gure
Itxura batean Infinity Strashen jatorrizko obran jazotako istorio osoa biziko dugula esan daiteke; are gehiago, azken bideoan spoilerrak dira nagusi —30 urte dituen lanaren aurrean gaudela ere gogoratu beharra dago—, eta mangako buruzagi doilor gehienak azaltzen dira. Crocodine, Hadlar nahiz Flazzard, besteak beste.
Prentsa oharrean bi modalitate nagusi aipatzen dira. Alde batetik, istorioan manganimeko gertakizun nagusietan murgilduko gara; bestetik, Temple of Recollection deitutako joko motan “etengabeko eboluzioa” bizi duen ziega erraldoia zeharkatu beharko dugu, gure ekipamendua eta abileziak hobetuz areriorik indartsuenak garaitzeko.
Squarekoek kaleratutako trailerrean manganimearekiko benetan fidela izango den atal estetikoa ikus dezakegu: cel shading estiloari esker 3D modelo sinpleak, baina aproposak ageri dira bideojokoan.
Geroratze esanguratsua jasan du Flyren bideojokoak: 2020an iragarri zen, eta ordu hartan 2021rako prest egongo zela agindu zuten arduradunek.
PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Switch plataformetan estreinatuko da Infinity Strash: Dragon Quest The Adventure of Dai. Esan bezala, irailaren 28an iritsiko da saltoki fisikoetara zein digitaletara.
Iruzkinak