Jokoaren bigarren geroratzea da: 2024 hasieran estreinatu behar zen. Garapen motorea aldatu zuten egungo atala prestatzerakoan.
Football Manager 25 atzeratu dutela jakinarazi dute Sega argitaletxeak eta Sports Interactive garatzaileak. Datorren urteko martxoan argitaratuko da.
Kudeaketa eta estrategia saga ezagunaren hurrengo atala arazo larriekin dabil aspalditik. Izan ere, FM 25en bigarren geroratzea da hau. 2024 hasieran estreinatu behar zen hasiera batean; ondoren, duela hamar egun, azaroaren 26an kaleratuko zutela iragarri zuten, azkenean trailer beraren deskribapenean martxoko data aipatzeko.
Arduradunen arabera, “FM 25 sagaren aurrerapen tekniko eta grafiko handiena da belaunaldi osoan”. Zergatik diote? Garapen motorez aldatu dute atal berrirako; alabaina, aldaketa hau arazo gehienen iturria izan daiteke. “Ezin dezakegu jokoa arriskuan jarri Football Managerren ibilbideko une garrantzitsu honetan azaroan presaka argitaratzeagatik”.
Zaleak, gainera, ez daude batere pozik egindako iragarpenekin eta jokoaren egoerarekin. Orain hamar egun azaroko data baieztatzearekin batera erreserbak abian jarri zituzten, hasteko; erosleek ez dute onera hartu erreserba egin eta jarraian berandutzearen albistea jaso izana.
Antza denez, sagaren ohiko ezaugarrietako eta funtzioetako asko desagertu egingo lirateke FM 25en, edo, gutxienez, beranduago iritsiko dira: nazioarteko txapelketak, adibidez.
“Hainbat kontu esperotakoa baino geldoago joan dira, nahiz eta talde osoak erritmo ikaragarrian lan egin duen bukatzeko asmoarekin”, diote arduradunek.
Zalantza ugari daude FM 25en inguruan, egia esan: askok ez dute uste argitaratuko denik, berandutzeak eta arazoak kontuan hartuta. Tamalgarria, oso ongi funtzionatzen duen saga izan baita urte luzez: futbol taldeak kudeatzera bideratutako mekanikak proposatzen dizkigu.
Esan bezala, dena ondo badoa, Football Manager 25 2025eko martxoan estreinatuko da PCan, kontsoletan zein gailu mugikorretan.
Iruzkinak