Kirol simulazio frankiziak lehenengoz sinatu du akordioa, hainbat urtez benetako ekipamenduak zein txapelketak gehituz. Azaroaren 4an estreinatuko da.

FIFA erakundeko lizentziak jasoko dituela ezagutzera eman du Football Manager 26 bideojokoak. Horrela, FIFA barnean aurkitzen diren kopa eta txapelketa desberdinetako edukiak jasoko ditu kirol simulazio jokoak.

Lehen aldia da Sega-ren eta Sports Interactive-n saga ezagunarentzat. Hitzarmenarekin, hainbat urtez FIFAko taldeetako ekipamenduak, txapelketak eta jokalariak batuko dituzte, besteak beste, baita partiduetako iruditeria zein diseinuak.

Emakumezkoen ligak gehituko dituztela nabarmentzekoa da: datu base osoarekin, nazioarteko taldeekin jokatu ahalko dugu oraingoan.

Football Manager berpizteko baliagarria izango da, zalantzarik gabe; izan ere, FM 25 kaleratu gabe geratu ziren arduradunak. Ordura arte erabilitako garapen motorea alboratuta, Unity erabiltzeko erabakia hartu zuten egileek. Oztopoz zein arazoz betetako garapen prozesuaren ondoren, iazko titulua bertan behera utzi, eta FM 26 garatzeari ekin zioten.

Interfaze eraberritua nabarmendu dute egileek, jokatzerakoan eta erabakiak hartzerakoan laguntza ugari eskainiko dituena. Ez hori bakarrik, plataforma arteko gordetako partidak baieztatu dituzte; gainera, FM 24 zein FM 23 jokoen partidekin funtzionatuko dute.

Hiru bertsio desberdin jasoko ditu FM 26k. Azaroaren 4an iritsiko dira PCrako zein PlayStation 5, Xbox Series eta Xbox One kontsoletarako bertsio nagusiak; egun berean estreinatuko dira, baita, Android zein iOS gailu mugikorretarako FM 26 Mobile bertsioak.

Abenduaren 4an, bukatzeko, Nintendo Switch kontsolarako FM 26 Touch estreinatuko da.