“Emakumezkoen futbola kirol bezala gizonezkoenera parekatzeko prozesuarekin bat egin nahi dugu”, adierazi dute Sports Interactive-ko arduradunek.
Futbol ligen kudeaketa bideo-jokorik ezagunena emakumezkoen taldeen ligak gehitzen hasiko da. Sports Interactive estudioak jokoaren web orrialdean iragarri duenez, Football Managerren etorkizuneko ataletan emakumezkoen futbol taldeak obraren beste ezaugarrietako batean bihurtuko dira, aparteko jokorik sortu gabe.
“Ez daukagu inolako interesik emakumezkoen futboleko taldeak biltzen dituen aparteko Football Managerrik prestatzeko”, azaldu du Miles Jacobsen Sports Interactiveko arduradun nagusiak. “Emakumezkoen futbola Football Managerrera gaineratzea da egiten gabiltzana… kirol bakarra, joko bakarra“.
Modu horretara, “emakumezkoen futbola kirol bezala gizonezkoenera parekatzeko prozesuarekin bat egiteko” asmoa agertu du Jacobsenek. “Gaur egun kristalezko sabaia existitzen da emakumezkoen futbolaren inguruan, eta hori apurtzeko gure esku dagoena egingo dugu. Berdintasunean sinesten dugu eta konponbidearen zati bat izan nahi dugu”.
Prozesu guztiak “milioiak balio eta epe laburrera lortutako irabaziak gutxienekoak” izango diren arren argi agertu dira arduradunak, eta “jarraitu beharreko bide zuzena” dela diote.
Nola ez, emakumezko jokalariak soilik gehitu beharrean ligak eta taldeak ere izango ditu Football Managerrek. Ez hori bakarrik, datu base osoa eratu nahi dute eta dagoeneko 28 urteko lana egin dutela zehaztu dute garatzaileek: “gizonezko jokalariak emakumezkoekin ordezkatzea baino askoz ere lan gehiago dago”.
Hasteko eta behin, emakumezkoen modeloak eta animazioak zerotik sortzeko mugimenduak harrapatzeari ekin diote jokalari profesionalen laguntzarekin. Emakumezkoen ligetako lekualdaketa arauak ere aipatu dituzte, baita egitura ekonomikoak eta soldatak ere.
Artikuluan hainbat berezitasun aipatzen dira gainera: “entrenamenduetan eta lesioetan ziklo menstrualak izan ditzakeen eraginak laburbiltzen dituen bibliografia zabala dugu, baina nola gehitzen dugu guzti hau jostagarritasunean eragin handirik izan gabe? Eta haurdunaldiak? Haurdun dauden jokalari eta langileak gehitzen baditugu ernaldi epe desberdinetarako 3D modeloak prestatu beharko ditugu?”.
Emakumezkoen ligak bideo-jokora eramateko denbora luzea hartuko duten kontuan hartu beharreko ezaugarri eta berezitasun asko daudela aitortzen duten arren, helburua gauzatzeko gogotsu agertu dira Football Managerreko arduradunak. Are gehiago, Leicester City Women taldearekin 2021/22 denboraldirako elkarlana baieztatu dute.
Eurogamer UK agerkarian azaldu dutenez, ezaugarria ez dute Football Manager 2022 argitaratzen dutenerako prest edukiko, baina kaleratu osteko eguneraketa bezala sortzeko aukera aipatu dute.
Iruzkinak