Skeleton Crew Studio eta Devolver Digital 80ko hamarkadako arte martzialen filmeetako dueluak roguelike elementuekin biltzera datoz. PCan eta Switch-ean estreinatuko da.

Kung fu arte martzialen borrokak ardatz dituen Forestrike azaroaren 17an kaleratuko dela jakinarazi du Devolver Digital indie argitaletxeak.

Skeleton Crew Studiok Bruce Lee edo Jackie Chan aktoreen filme klasikoetan ikusitako elementuak hartzen dituen bi dimentsioko borroka jokoa eratu du. Kolpeak nagusi izango diren arren, puzzle joko kutsua ere badauka Forestrikek; izan ere, aurrez ezagutuko ditugu garaipena eskuratzeko mugimendu guztiak.

Horretarako, Yu protagonistak aurreikuspena (foresight) erabiliko du. Duelu bakoitza hasterakoan, zuzenean borrokan hastea erabaki dezakegu, baina galtzeak heriotza ekarriko du. Egokiena aurreikuspen moduan sartzea izango da: erronkak nahi bezainbeste errepikatzea eta benetako unerako prestatzea ahalbidetuko digu.

Ukabilkadak eta ostikoak banatzea ez da horren erraza izango, baina. Arerio bakoitzak bere indarguneak, ahuleziak eta mugimendu bereziak dauzka, beraz edozein jazoerarako prest egon beharko gara. Yuk partida bakoitza mugimendu sorta sinplearekin hasiko du, baina bere bidaian zehar abilezia berriak eskuratuko ditu.

Roguelike proposamenari ekiten dio Forestrikek, nola ez: gure herrialdea askatzeko ibilbidea hutsetik hasiko dugu garaitzen gaituzten bakoitzean —edo, hobeto esanda, aurreikuspen boteretsuari esker foresight erabiltzaileen egoitzatik atera gabe egon garela ikusiko dugu—. Aurrera egin ahala, bide desberdinek ordansari anitzak eskainiko dituztela azalduko zaigu: dirua izan daiteke, teknika berriak…

Horrela, zailtasuna areagotzen doan heinean saihesteak, kontraerasoak edo etsaien armak lapurtzeko aukerak eskuratuko ditugu. Buruzagi ankerren aurkako norgehiagokek partidak zailduko dizkigute, hori bai.

Ordenagailuetan zein Switch kontsolan hasiko dira aurreikuspen bidezko borrokak azaroaren 17an; bitartean, Steam plataforman argitaratutako demo luzea proba dezakegu.