Luminous Productions prestatzen ari den akziozko fantasia abentura urrian estreinatu behar zen. PlayStation 5-ean eta PC-an jokatu ahalko da.
Square Enixekoek Forspoken urtarrilaren 24ra atzeratzeko erabakia hartu dutela jakitera eman dute. Azkenik 2023ko urtarrilaren 24an estreinatuko dela adierazi du enpresa japoniarrak.
Hori horrela, atzerapen esanguratsua baina ez horren larria jaso du Luminous Productions estudioaren titulu interesgarriak; izan ere, urriaren 11n kaleratzeko asmoa zuten hasiera batean.
Erabakiaren berri emateko sare sozialez baliatu dira. Oraingoan, ordea, garatzaileen mezua pixkat aldendu da ohiko testutik: jokoa bukatuta dagoela diote, eta fintzeko azken faseetan aurkitzen dira orain. Hala eta guztiz ere, atzerapena hartzeko erabakia “bazkide garrantzitsuekin izandako elkarrizketen ondorioa” dela azaldu dute arduradunek.
Hortaz, gainerako jokoen zaparrada saihesteko asmoa dutela dirudi: inora joan gabe, Squarek hainbat joko ditu urte bukaerarako. Valkyrie Elisium JRPG abentura, adibidez, irailaren 29an merkaturatuko dutela zehaztu zuten orain egun batzuk.
Forspoken PlayStation 5erako eta PCrako kaleratuko duten akziozko joko ikusgarria da. Aurretik Project Athia izenarekin ezagutzen zen titulu honek hainbat jokagarritasun bideo eduki ditu jada: bertan atal grafiko ikaragarria zein mekanika interesgarriak ikus daitezke.
Esan bezala, 2023ko urtarrilaren 24an estreinatuko da Forspoken.
Iruzkinak