Ordainketa sistema berria ezartzearen ondorioz kendu dute bideojokoa Applek eta Googlek. Epic Gamesek akzio legalak hartu ditu.
Applek Fortnite iOS sistema eragileko App Storetik kentzea erabaki du. Ordu batzuk geroago Googlek erabaki berbera hartu du, eta Play Storetik desagertu egin da battle royalea.
Epic Gamesen jokoak ordainketa sistema berria ezartzearen ondorioz atzo arratsaldean ezabatu zuten jokoa mugikorrentzako sistema eragileetako saltoki erabilienetatik. Izan ere, Applek eta Googlek ezarritako %30eko tasa ekiditeko asmoz inplementatu du ordainketa sistema Epicek.
Applekoek The Verge webgunean azaldu dutenez, Epic Gamesek “App Storeko zerbitzu-baldintzak urratu ditu”. Epicek baldintza horiek onartu ondoren “tratu berezia jasotzeko presioa egin” dutela diote sagarraren markakoek; baldintza horiek garatzaileei “aukera berdintasunarekin lehiatzeko” balio diela nabarmendu du Applek, eta modu horretara saltokia “arriskurik gabekoa” izatea ahalbidetzen dutela.
Epicekoek ez zuten itxaron sagarraren mugimenduari erantzuteko. Monopolio-demanda egin diote Apple-i. Gainera, sare sozialetatik Applek 1984an argitaratutako iragarki ospetsuaren parodia zabaldu dute #FreeFortnite traolarekin, “App Storeak ezarritako monopolioari aurre egiteko”.
Googlek erabaki berbera hartuta, Epicek Androiden arduradunei ere demanda jarri die. Googlen saltoki digitaletik desagertu bada ere, Epic Gamesen launcherra jaitsu eta instalatu daiteke Androiden, Fortnitera arazorik eman gabe jokatzen jarraitzea ahalbidetuta.
Iruzkinak