Abenduaren 6an lehen denboraldiko lehen atalarekin hasiko dira Epic Games-koak. Orain urtebete aldibaterako joko mota bezala itzuli zen, sekulako arrakasta lortuta.

Epic Games taldeak Forniten OG modalitatea itzuliko dela iragarri du. Modu iraunkorrean bueltatuko da, battle royale ezagunaren jatorrizko mapa zein aspaldiko denboraldietako elementuak bilduta.

“Bizi battle royalea hasieratik eta esploratu mapa originala, bildu aspaldiko harrapakinak, eta bizi jatorrizko denboraldiak”, diote egileek sare sozialetan zabaldutako mezuan.

Abenduaren 6an estreinatuko dute Fortnite OG. Lehen denboraldiko lehen atalarekin ekingo diote joko motari; dena den, eguneraketekin joko mota dinamikoa prestatu gura dutela dirudi, hasierako hamar bat denboraldietako ezaugarriak inplementatuta, gaur egungo erokerietatik urruntzeko asmoarekin.

Ez da erroetara itzultzen diren lehen aldia; izan ere, duela urtebete aldibaterako joko mota berezi gisa kaleratu zuten Fortnite OG. Sekulako arrakasta lortu zuen: estreinaldiko orduetan 44,7 milioi jokalari elkartu zituen. Hori dela-eta, gure artean betiko geratuko den bigarren etorrerarekin ere milioika erabiltzaile erakartzea espero da.

Zerbitzu motako jokoek hartutako ohitura berria da hasierara itzultzearena: atzo aditzera eman genuenez, Overwatch 2k OW: Classic joko mota abiatu berri du, lehen jokoaren hasiera bateko mekanikak zein ezaugarriak eskainita.

Abenduaren 6an berpiztuko ditugu 2017an hasitako lehen battle royale gogoangarri horiek. Fortnite plataforma guztietan joka daiteke: ordenagailuetan zein PlayStation, Xbox eta Nintendo kontsoletan aurki dezakegu, baita Android nahiz iOS gailu mugikorretan ere.