Lankidetza sustatzeko arau berriak dakartza battle royale ezagunera. Dagoeneko builds nahiz zero builds partidetan joka dezakegu.
Fortnite amaigabeak edukiak eta joko modalitateak jasotzen jarraitzen du. Azkena Reload deitzen da: 40 jokalariko partidak proposatzen ditu mapa txikiagoetan, beste hainbat berritasunen artean.
Taldeka, edo, hobe esanda, eskuadroika jokatuko dugu: hamar talde ibiliko dira Tilted Towers edo Retail Row bezala gune ezagunak biltzen dituen mapa berrian. Berezitasunik handiena, baina, izenburuan aipatzen den errekarga hori da; izan ere, jokalariek berpizteko aukera edukiko dute eskuadroiko gainerako kideek bizirik jarraitzen duten bitartean.
Call of Duty: Warzone aurkariaren Resurgence modalitatearen elementuak hartzen dituz, beraz. Hiltzen garenean berragertzeko atzerako kontaketa agertuko zaigu: 30 segundokoa da hasieran, baina, partidak aurrera egin ahala, 40 segundotara iritsiko da.
Prozesu hau bizkortzeko bideak dituzte eskuadroiek. Arerioak eraitsiz gero, bi segundo aurreztuko dituzte; aurkaria hiltzea lortzen badute, lau segundotan bizkortuko da taldekideen berpizte prozesua; bukatzeko, etsaien eskuadroi osoa akatuta, hamar segundotan murriztuko dute atzerako kontaketa. Partida bukaezinak ekiditeko, azken uneetan berpizte sistema desagertu egingo da: hiltzen dena ezingo da berragertu.
Jokaldi zirraragarriagoak sortzeko, armategi sorta berezia prestatu dute Epic Games-koek: Fortniten lehen denboraldietako armak eta tresnak ikusiko ditugu Reloaden. Revolver, Tactical Shotgun, Lever Action Shotgun, OG Heavy Shotgun, Tactical Submachine Gun… aspaldian ikusi gabeko jostailuak, alegia.
Zerrenda denborarekin aldatzen joango dela adierazi dute arduradunek. Gainera, mapa txikiagoa denez, ibilgailurik gidatu gabe ariko gara modalitate berrian.
Nola ez, Reloadek irabazteko hainbat sari eta opari eskaintzen ditu: misioak gaindituta eskuratuko ditugu. Asteburuan abiatu dute modalitatea, milioi bat jokalari baino gehiago erakarrita.
Fortnitek hazten baino ez du jarraitzen eduki berriokin: Reload battle royale originalaren modalitatea baino ez da, baina azken hilabeteotan Lego Fortnite edo Rocket Racing joko guztiz berriak inplementatu dituzte Fortniten ekosistemaren baitan.
Iruzkinak