2018ko Epic Gamesen diru sarreren %97a bideo-jokotik eratorriak izan ziren. Abian da Epic eta Applen arteko epaia.

Fortniten arrakasta erraldoiak gizartean izandako eragina nabarmena da: gaur egun helduek zein gaztetxoek ondo ezagutzen duten fenomenoa da Epic Gamesen battle royalearena, baina orain arte ez da argi egon zer nolako etekinak suposatu dituen bere arduradunentzat.

Astelehenean hasi zen Epic eta Apple erraldoien arteko auzia. Monopolio-demanda egin zioten Fortniten jabeek jokoaren ordainketa sistema eraberrituaren ondorioz aplikazioa Apple Storetik ezabatu ondoren. Bideo-jokoen industriako hainbat agente desberdin ari dira epaiketan parte hartzen, eta horrez gain, bai Epic eta bai bestelako enpresa handi askori lotutako txosten pribatuak argitaratu dira prozesuaren baitan.

Horiei esker Fortnitek Epic Gamesi eman dizkion diru sarrerak publikoarentzako ezagunak egin dira, eta benetan harritzekoak dira: battle royaleak 9 bilioi dolarretako diru sarrerak suposatu zizkion Tim Sweeneyren enpresari 2018an eta 2019an.

Zehazki, jokoa argitaratu zen lehen urtean 5.7 billioi dolarretako diru sarrerak zituen; hori horrela, Epicen diru sarreren %97a Fortnitengatik izan ziren. 2019an 4,2 bilioikoak izan ziren diru sarrerak, enpresaren osoko %88a eratuta; bi urteen artean 5,5 bilioi dolarreko irabaziak izan zituztela kalkulatzen da. 2020an berriz, 5,1 bilioiko diru sarrerak izan zituzten guztira.

Modu horretara enpresaren beste zerbitzu eta produktuekin lortutako diru sarrerak arazorik gabe gainditzen dituzte Fortnitenak. Unreal Engine motor grafikoarengatik ezagunak izan dira betidanik Epicekoak, hainbat garatzaile eta estudiori beraien motorra salduta era guztietako proiektuetan lan egiteko. 2018an eta 2019an 235 milioi dolarretako diru sarrerak suposatu zituen Unreal Enginek, diru sarreren guztizkoaren %3a soilik, hain zuzen ere.

Gainerako bideo-jokoekin, berriz, 108 milioi dolar irabazi zituzten Epicekoek bi urte horietan. Rocket League bezalako obra nabarmenak daude horien artean, Epicek 2019an Psyonix garatzailea eta bere bideo-joko ezaguna erosi baizituen.

 

Zenbat ordaindu zuten Epic Games Storeko doako bideo-jokoengatik?

Argitaratutako txostenek era guztietako datuak aztertzeko balio izan dute. Halere, oker eginda zabaldutako dokumentuak ere egon dira. Horien artean daude Epic Games Storean astero doan banatzen dituzten bideo-jokoen arduradunei hori egiteko ordaindutako diru kopuruak eta eskaintza horiekin lortutako erabiltzaileak.

2018ko abendutik hasita 2019ko irailera arte EGSan doan oparitutako obren akordioak eta emaitzak ikus daitezke zehazki txostenean. Epicek guztira 11.658.000 dolar ordaindu zituen 39 bideo-jokoren eskaintza bereziak prestatzeko. Horiei esker 4.924.213 erabiltzaile berri lortu zituen saltoki digitalak.

Banakako datuak ere ikus daitezke dokumentuan: Subnautica bikaina izan zen Epicek oparitutako lehen bideo-jokoa, eta hori eskaintzeko 1.400.000 dolar ordaindu zizkion Unknown Worlds garatzaileari; Subnauticarekin 804. 052 erabiltzaile sortu ziren EGSan.

Subnautica da, Batman Arkham saga kenduta, Epicek gehien ordaindutako jokoa: Tequila Works espainiarraren Rimengatik 45.000 dolar eskas ordaindu zituen Sweeneyk oparitu ahal izateko. Hori horrela, joko guztiekin erabiltzaile berri bakoitzarengatik 2,37 dolar ordaindu zituela kalkulatzen du Epic Gamesek.

 

Plataformen arteko jokoa nahi? Ordaindu ezazu

The Vergek Tim Sweeneyren plataformen arteko jokoari buruzko adierazpenak partekatu ditu. Epaian nabarmendu duenez, PlayStationek estudioei crossplaya ahalbidetzeko kobratu egiten die; Sonyrena izango zen hau egiten duen zerbitzu bakarra.

Ordaintzeko beharra jokoaren etekinen arabera doa, enpresa japoniarraren kideei luzatutako dokumentu batean azaltzen denez. Jokoa argitaratzen den plataforma guztietako hileroko diru sarrerak kalkulatu, eta kopuru hori hile horretan PS4an egondako jokalari kopuruarekin zatitzen da. Emaitza 0,85 baino txikiagoa bada, garatzaileek ordaindu egin beharko dute.

Epicen eta Applen arteko epaiak aurrera dihardu, eta are datu interesgarri gehiago argitaratzen joatea espero da datozen egunetan.