Super7 joko mota doako eguneratzearekin heldu da auto lasterketen bideojokora. Sortutako zirkuituak gainerako jokalariekin partekatzea ahalbidetuko du.
Orain bi urte estreinatu zen, baina Forza Horizon 4k eduki berriak jasotzen jarraitzen du. Oraingoan auto lasterketen jokalariek eszena arriskutsu propioak prestatzeko eta jokatzeko tresna gehitu dute Playground Gameseko garatzaileek: Super7 joko mota.
Erronka propioak sortzeko aukera emango du Super 7k. Horizon 4ko kokaleku desberdinak hartu eta horietan eszena arriskutsuak egiteko plataformak eta dekoratuak txertatu daitezke sormen tresna horrekin. Trackmania jokoetan ikusi antzeran aldapak, jauziak eta askotariko elementuak aukeratu eta jarri daitezke erronkei gatza eta piperra jartzeko.
Erronka horiek bideojokoaren komunitatearekin partekatu daitezke gainera. Izan ere, Super7 ez da sormen tresna soilik: jokatzerakoan komunitateak sortutako ausazko zazpi erronka desberdinetan parte hartuko dute jokalariek. Guztiak gaindituz gero sari berezia eskuratuko dute gidariek.
Super7 dohainik kaleratu da PC, Xbox Series eta Xbox Oneko Forza Horizon 4ren bertsioetan.
Iruzkinak