Horizon Realms eguneraketarekin iritsiko da: girotze eta desafio anitzak eskainiko dituzten kokalekuak.

Xbox-ek Forza Horizon 5en PlayStation 5eko bertsioaren argitalpen data ezagutzera eman du. Apirilaren 29an kaleratuko du Playground Games estudioaren lasterketa titulua Sony-ren kontsolan.

Urtarril bukaeran ezagutu genuen Xboxen saga ezaguna PlayStationera datorrela, eta ez dute denbora askorik behar izan kaleratze data baieztatzeko. Panic Button taldea ari da port-a garatzeaz arduratzen: halako lanak egiten adituak dira estudioko langileak.

Mexikon girotutako mundu irekiko abenturaz gozatuko dugu, beraz PS5ean. Dozenaka lasterketa zein erronka, ia 800 bat auto eta online funtzionalitate interesgarriak atal grafiko ikusgarriarekin biltzen ditu FH5ek.

Berritasunekin etorriko da, gainera. Aldez aurretik aurkeztutako Horizon Realms gaurkotzea apirilaren 25ean estreinatuko dela aurreratu dute Playgroundekoek. Hamabi “mundu” aurkeztuko dizkigu: horietako 11 ezagunak dira jokalarientzat, eta estadioko zirkuitu berriarekin etorriko da girotze nahiz desafio desberdinak proposatzeko.

PS5eko bertsioak ikaragarrizko eduki kopurua bilduko du, bai, baina are gehiago jokatzeko asmoa badaukagu, ordainpeko bi espantsio eros ditzakegu. Xboxeko eta PCko FH5ek dagoeneko jasotako Hot Wheels eta Rally Adventure eduki gehigarriei buruz gabiltza.

Bukatzeko, joko gurutzatua edo crossplay funtzioa nabarmendu beharra dago: PlayStationeko erabiltzaile berriek Xbox eta PC bertsioetako lagunekin jokatu ahalko dute.

Forza Horizon 5 apirilaren 29an merkaturatuko da PS5ean; apirilaren 25ean, pixkat lehenago, Horizon Realms eguneraketa estreinatuko da Xboxean eta PCan.