Playground Games-en mundu irekiko lasterketak 2026an berrabiatuko dira PCan eta Xbox Series-etan. PlayStation 5 bertsioa ere iragarri dute.

Xboxek Forza Horizon 6 aurkeztu du. Lasterketa jokoak zirkuitu berria baieztatu du, gainera: atal bakoitzean herrialde desberdinak proposatu ondoren, seigarrena Japonian kokatuko da.

“Zaleek gehien eskatzen zuten herrialdea”, Xboxen arabera. Ez da harritzekoa, Japoniaren eztandaz gain, motorraren eta lasterketen munduari era desberdinetara estu lotuta dagoen tokia baita.

Tokyo Game Show-ean Xboxek egindako aurkezpenaren izarra izan da Forza Horizon 6. Hala eta guztiz ere, ez dute informazio askorik eskaini kokalekutik haratago. Kaleratuko den urtea ezagutu dugu, behintzat: 2026an hasiko dira berriz lasterketak.

Plataformak ere aipatu dituzte egileek. PCan eta Xbox Seriesetan ikusiko dugu, hasiera batean, FH6. PlayStation 5 bertsioa baieztatu dute, gainera: “beranduago” iritsiko dela diote.

Aurreko jokoekin ikasitakoak Japoniarako prestatzeko balio omen die Playground Gamesekoei. Azaldu dutenez, Tokioko eraikinen artetik doan Shuto autobide ezaguneko garaierak eratzeko FH5en Hot Wheels DLCan egindakoak erabili dituzte, besteak beste.

Tokio bisitatuko dugu beraz, noski, baina Japoniako landak eta mendiak ere gurutzatuko ditugu gure autoetan. Mundu irekiko formatua hartzen dute Horizonek: errepideak nahi bezala antolatzen dira zirkuituak inprobisatzeko. Urtaro aldaketak ere itzuliko dira, ezaugarri berriekin.

Jokagarritasuna erakutsi gabe geratu badira ere, “2026 hasieran” ikusiko dugula diote.

Forza Horizon 6 2026an estreinatuko da PC eta Xbox Series plataformetan. Ostean, PlayStation 5era iritsiko da.