PCan eta Xbox Series-etan estreinatuko da lehenengo; beranduago, PS5ean jokatuko dugu.

Forza Horizon 6 maiatzaren 19an argitaratuko dela baieztatu dute Playground Games eta Xbox taldeek.

PCko eta Xbox Series kontsoletako bertsioak iritsiko dira egun horretan. PlayStation 5eko bertsioa beranduago dator, ordea: 2026a bukatu aurretik kaleratuko dute.

Japonian kokatuko da, azkenik, saga nagusiari gailendu zaion Horizon azpisaga: zaleak aspalditik zebiltzan bertara bidaiatzeko eskatzen. Orain arteko maparik handiena eratu dutela azaldu dute Xbox Developer_Direct emanaldiko aurkezpenean: Tokio hiriburua —bost barruti handitan banatuko da— zein beste hainbat kokaleku zeharkatuko ditugu ibilgailu desberdinak gidatuta.

Urtaroak ere bueltan dira: Japonia urteko garai desberdinetan erakutsiko digute, gidatzerakoan aldaketak inplementatuta.

Gidariaren jarraipena eta proposamen orokorra aldatu dituzte seigarren atalerako, jatorrizko Forza Horizonen antzeko egiturara itzulita: horrela, gidari profesional arrakastatsu gisa hasi beharrean, jaialdian parte hartzeko ametsa betetzen hastekotan dagoen turista izanik ekingo diegu erronkei.

Dirudienez, auto xumeagoak gidatuz abiatuko dugu jokoa, pixkanaka ibilgailu indartsuagoak lortzeko; hala ere, orain arteko autoen eskaintzarik zabalena ikusiko dugu Horizon 6, zelan ez, ibilgailu japoniarrei garrantzia handia eskainita.

Japoniara bidaiatu dutenek ongi ezagutuko dituzten zigiluak erabiliko dituzte abiapuntutzat: gure jarraipena adierazteko balioko dute.

Auto topaketak bizitzeko aukera egongo da: jokalariek euren ibilgailuak erakusteko topalekuetan gainerakoen diseinuak ikusi —ezaugarri garrantzitsua Horizonen— eta hauek kopiatzeko autoak erosteko gunea izango dira. Horretaz gain, gure aparkaleku edo base nagusia eraikitzeko ahalmena edukiko dugu, kanpainan zehar hau handituz zein diseinatuz.

Elkarlan eroekin jarraituko dute seigarren Horizonen: Gundam robot erraldoiak ikusiko ditugula aurreratu dute aurkezpenaren bukaeran.

Aipatutakoa: maiatzaren 19an Xbox Series eta PC gailuetan estreinatuko da Forza Horizon 6. Beranduago, urtea bukatu aurretik, PS5eko bertsioa merkaturatuko da.