Urriaren 10ean estreinatuko da Turn 10-en lasterketa jokoa Xbox kontsoletan eta PCan.
Xbox Forza Motorsporten estreinaldirako prestatzen hasi da. Autoen bideojokoaren jokagarritasuna xehetasun guztiz ezagutzera emateko lehen lasterketak erakutsi ditu: Le Mans autoen arteko norgehiagokak, Corvette E-Ray berria zein Honda Civic klasikoa bezalako kaleko ibilgailuak bildu ditu horretarako.
Forzaren erroetara itzuliko garela gogoratu beharra dago; hau da, ez gaude Forza Horizon azpisagaren aurrean. Aipatzeko modukoa da, azken Forza 7 orain sei urte estreinatu baitzen: Motorsporten zirkuitu itxietan lehiatuko gara.
Hauen kopurua, baina, nahiko mugatua izango dela dirudi, hasiera batean behintzat —DLCen bidez areagotzen joango da—. 20 zirkuitu eskainiko ditu bideojokoak estreinaldian: hauek hainbat bertsio desberdin edukiko dituzte, noski. Eguraldian egindako lana azpimarratzekoa da: 24 orduko egun dinamikoak ikusiko ditugu, euriak zein bestelako egoerek aldaketa nabarmenak eraginda.
Zirkuituotan gidatzeko 500 auto baino gehiago agintzen dituzte Turn 10eko arduradunek. Hauek hobetzeko eta eraldatzeko aukerak ikus ditzakegu bideoan: osagaiak aukeratzeaz gain, gurpilak nahiz erregai kopurua alda dezakegu lasterketak hasi aurretik.
Modalitate nagusia Career edo kanpaina izango da. Bertan kategoria desberdinetan lehiatuko gara, gure autoak hobetuz eta kopa desberdinak eskuratuz. Nola ez, online joko motek ere zeresana edukiko dute: zortzigarren Forza honetan partida “garbiak, zirraragarriak eta lehiakorrak” prestatu dituztela diote garatzaileek.
Horri lotuta, XP sistema eraberritua dakar Motorsportek. Ohi bezala, lasterketetan kalifikazioak jasoko ditugu gure gidatzearen arabera. Oraingoan modu arriskutsuan gidatzeak notak zeharo baliogabetuko dituela dirudi. Esperientzia puntuek autoak hobetzeko balioko duenez, gidari oldarkorrak autorik eskasenekin geratuko dira.
Atal grafiko ikusgarriarekin batera hainbat muga eta baldintza ikusiko ditugu. Xbox Series Xn, esate baterako, Performance, Performance RT eta Visual grafiko modalitateak ikusiko ditugu; Series S kontsolak ez du izpien trazadurarik eskainiko, beraz Perfomance eta Quality aukerak bilduko ditu. Ohi bezala, ezarpen bakoitzaren desberdintasun nagusiak bereizmenari eta segundoko irudien tasari lotutakoak dira.
Laster gozatu ahalko dugu Forza Motorsporten lasterketez. Urriaren 10ean estreinatuko dute Xbox Series kontsoletan zein PCan.
Iruzkinak