Soulslike jokoak Hyper Light Drifter-en estetikarekin uztartzen ditu John Pywell garatzailearen jokoak. Zital zalea arduratu da itzulpenaz.
Fountains euskaraz joka daiteke dagoeneko. Fantasia iluna, RPG elementuak eta borroka latzak proposatzen dituen indie jokoaren PC bertsioa gure hizkuntzan aurkitzen da dagoeneko, zaleen itzulpen ez ofizialari esker.
2024. urtean John Pywell indie sortzaileak estreinatutako titulua lokalizatzeaz arduratu da Zital zale bermeotarra. Jokoaren eduki guztiak ikusiko ditugu euskaraz: oinarrizko jokoa zein Shattered Shape eduki gehigarria, alegia. Godot garapen motorearekin sortutako obraren testuak lortuta, hauek euskaratu ditu, ondoren berriz jokoan txertatzeko. Github-en aurkituko dugu itzulpena, lokalizazio prozesuaren jarraibideekin batera.
FromSoftware taldeak ezagun egindako soulslike generoaren oinarriak bereganatzen ditu Fountainsek. Zaldunak, munstro ikaragarriak, heriotza eta odola, hortaz. 3D inguruneak aldatzen ditu, ordea, 2D estetika eta ikuspegi isometrikoa erabilita; hori horrela, Hyper Light Drifter famatuaren antzeko jokoaren aurrean gaudela esan daiteke, aldi berean, metroidvania mekanikak ere hartuta.
“Ziega erraldoi bateratua” osatzen duen mundua esploratzen ariko gara. Eremu labirintiko arriskutsuetan altxorrak eta baliabideak aurkituko ditugu nonahi: objektuak, botereak nahiz hobekuntzak ezkutatzen dira zokoetan. Borroketarako nahiz mugikortasunerako baliagarriak egingo zaizkigu, gure aukerak biderkatuta, eta munduan are gehiago barneratzea ahalbidetuta.
Dark Souls, Bloodborne edo Elden Ring jokoetan horren erabilgarria izan den sareko mezuen sistema ere berreskuratzen du Fountainsek: gainerako jokalariek utzitako aholkuak —edo tranpak— irakurriko ditugu mundutik. Zailtasun maila esanguratsua proposatzen badu ere, erronka doitzeko aukera ugari dituela nabarmentzen du egileak.
PlayStation 5, Xbox Series eta Switch kontsoletan ere aurkituko dugu Fountains. Euskaraz jokatzeko, baina, PCko bertsiora jo beharko da: Steam nahiz GOG plataformetan eros dezakegu.
Lander Unzueta
Iruzkinak