Atal estetiko ederrarekin, Molegato garatzaile independenteak Captain Toad-en puzzleak plataformekin nahasten ditu.
Munduko esploratzailerik iaioenean bilakatzera eramango gaituen Frogun itxurosoak argitaratze data jaso du azkenik: abuztuaren 2an kaleratuko dutela iragarri dute Molegatoko arduradunek.
Renata gaztearen rola hartuko dugu retro estetikadun abentura honetan. Bere gurasoak hiru egun daramate Beelzebub-eko hondakin arriskutsuak esploratzen. Zerbait gertatu zaiela susmatuta, gurasoen azken asmakizuna, Frogun pistola, hartu, eta haien bila abiatzen da esploratzailea.
Grafikoak ikusita Nintendo 64-ko zein PlayStation originaleko jokalariek denboran atzera bidaiatuko dute. Megaman Legends bezalako joko gogoangarrien poligono urriko atal estetikoa oinarritzat hartuta, mundu koloretsu eta alaia prestatu dute garatzaileek.
Hondakinak, mendi elurtsuak zein labaz betetako kobak esploreatzeari ekingo diogu Renatarekin batera. Txanponak eta harribitxiak biltzen gabiltzan bitartean era guztietako etsaiak eta oztopoak gainditu beharko ditugu. Frogunarekin batera urrutiko lekutera iristeko zein etsaiak hartu eta hauek jaurtitzeko ahalmena izango dugu. Etsai nagusien aurka ere egin beharko dugu, gainera, puzzle dinamikoak izanik.
Trailerrean ikusten denez, era batera Captain Toaden abenturak gogora ekartzen ditu. Mundu minimalistekin eta kamerarekin zoko guztiak esploratzen ibiliko gara altxorrak aurkitzeko eta mailak gainditzeko.
Plataforma sorta zabalera iritsiko da Frogun: PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletan merkaturatzeaz gain, PC-an ere jokatu ahalko da; ordenagailuen kasuan Steam zein Epic Games Store saltokietan eskuratzeke egongo da, baina etorkizunean GOG-era ere heluko da. Aipatutakoetan abuztuaren 2an kaleratuko dute.
Iruzkinak