800.000 jokalari inguru batu ditu estreinaldiko lehen orduetan Steam plataforman. Hainbat arazo teknikorekin merkaturatu da.
Bideojokozaleak zain zeuden otsailaren 25erako. Azkenik estreinatu da From Software garatzaile japoniarraren lan berria: Elden Ring hemen da jada, eta marka guztiak hautsiz iritsi da.
Hidetaka Miyazaki zuzendariaren aurreko bideojokoek lortutako jokalarien kopurua erraz gaindituta hasi du bere bidea Elden Ringek. Steam plataforma ezagunean 764.835 jokalari egon dira aldi berean estreinaldiko lehen orduetan. Dark Souls-en hirugarren atalak, adibidez, 129.000 erabiltzaile batu zituen 2016an; Sekiro: Shadows Die Twice bikainak, aldiz, 125.000 jokalari izan zituen 2019. urtean.
From Softwarekoen tituluak nitxozkoak direla esan daiteke: zailtasun handiak eta azalpen urriek jokalari gutxi batzuentzako jokoetan bilakatzen dituzte. Hala ere, argi dago asko izan direla Elden Ringen zain egon direnak; datozen orduetan zifra horiek areagotzea espero da.
Zoritxarrez, hainbat arazorekin estreinatu da horrenbeste desiratutako abentura. 1.021 adabakiarekin jokatuta, PC-ko jokalariak microstuttering arazoak nabarmentzen ari dira: hainbat unetan pantailak izozte txikiak ditu. Digital Foundry-ko adituek Eurogamer agerkarian nabarmentzen dutenez, 250 milisegundotako geldotzeak dira gehienbat: aurretik ikusi gabeko etsai, gune edo efekturen bat agertzerakoan ematen dira nagusiki.
Kontsoletan ere hainbat arazo dituela dirudi. Belaunaldi berriko kontsolak ez dira gai segundoko 60 irudiko tasara mugitzeko; horren ondorioz, irudien jaitsiera nabarmenak ematen dira. Gainera, ezin daiteke 30fps-ko mugarik ezarri, beraz ez dago hau konpontzeko modurik.
From Softwaretik ez dira mintzatu arazo horien inguruan. Hala ere, suposatzekoa da une honetan horiek konpontzeko lanean ari direla.
Iruzkinak