Erabaki gogorrak hartu beharko ditugu izoztutako munduko biztanleen etorkizuna bermatzeko. Lehen seihilekoan PCan estreinatuko da; urte bukaeran, kontsoletan.
11 bit studios garatzaileak Frostpunk 2 desiratuaren bideo berria argitaratu du. Trailerrean estrategia eta kudeaketa titulu ezagunaren jarraipeneko jokagarritasuna ikus dezakegu lehenengoz; aurrekoan gertatu modura, presioa izango da nagusi partidetan.
Erabaki eta hautu gogorrek eragindako presioa, hain zuzen ere. Ekaitz handia izeneko jazoera apokaliptikoak planeta izoztuta utzi du; nahiz eta gizaki batzuek bizirik jarraitzen duten, bizimodu latza eta zaila da nagusi.
Elurteei aurre egiten dien hiria eraikitzea eta kudeatzea izango da gure zeregina, administratzaile lanak betez. Industria, zientzia edo hezkuntza barrutiak sortu beharko ditugu, baina garrantzitsuena elkarlanean funtzionatzeko gai direla ziurtatzea izango da.
Ez badugu hori lortzen, herriaren haserrearekin topo egingo dugu. Barrutietako fakzio anitzek helburu eta ideia desberdinak dituzte: hauek entzutea ezinbestekoa da, baina ezingo ditugu beti euren eskakizunak bete.
Bideoan 11 bitekoek prestatutako atal estetiko ikaragarriaz goza dezakegu. Grafikoki aparta bada ere, marrazkiek eta interfazeak erakarriko dute gure arreta osoa.
Frostpunk 2ren kaleratze data zehaztu gabe utzi duten arren, datu interesgarri pare bat adierazi dituzte egileek. PCko bertsioa estreinatuko da lehenengo: 2024ko lehen seihilekoan prest egongo dela diote, beraz argitaratze data laster ezagutu beharko genuke.
PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletako bertsioak, bestalde, urteko bigarren seihilekoan kaleratuko dituzte. Xboxen kasuan, gainera, Game Pass harpidetzan ikusiko dugu.
Iruzkinak