Vancouverren kokatutako estudioa izango da. Aurreko Skate jokoetako langileak egongo dira bertan.
Pasa den urteko udan egindako EA Play aurkezpen digitalean eman zuen berria Electronic Artsek: zaleek horrenbeste miretsitako Skate saga bueltan etorriko da. Xehetasunik jaso ez arren, frankiziaren jarraitzaileak benetan poztu ziren albistearengatik. Bertan jakitera eman zutenez, garapenaz estudio berri bat arduratuko da: Full Circle.
EAren webgunean irekitako orrialde batean iragarri dutenez estudiora batzeko prest dauden garatzaileen bila dabiltza une honetan Vancouverreko estudiokoak. Jostagarritasun mekaniken diseinatzaileak, gameplay animatzaileak, fisikak garatuko dituzten ingeniariak edota era guztietako esparruetan lan egiteko artistentzako lan eskaintzan zabaldu dituzte bertan. Hori ikusita jokoaren garapen prozesua hasi baino ez dela egin pentsa daiteke.
Dan McCulloch izango da Skate honen zuzendaria. Bere esanetan “zaleek Skate itzultzea nahi zuten, eta horiek garapenetik argitalpeneraino eta haratago prozesuaren tartean sartuta egotea” bilatzen dute. Skate sagako arduradun nagusiak ere bueltan izango dira atal berri honetarako: Deran Chung eta Cuz Parry garatzaileek Skate berrian parte hartuko dute. “Oso pozik gaude Skaten berriz lan egiteagatik”, aldarrikatu zuten bi garatzaileek orain hilabete batzuk. “Biribila itxi egin dela esango dute askok”.
Skatek oraindik ez dauka argitaratze datarik ez plataformarik. Udan iragarri zenetik arduradunek ez dute jokoaren bideo edo irudirik zabaldu. Zaleei itxarotea baino ez zaie gelditzen beraz.
Iruzkinak