Shadow of the Colossus eta ICO maisulanen arduradunak robot erraldoiekin lotutako istorioa prestatu du oraingoan. Ez dauka izenbururik, ezta datarik ere.

Fumito Uedak gidatutako GenDesign estudioak lehen proiektua jakitera eman du. Project Robot kode izenarekin ezagutzen den titulua zinematika erakargarriarekin erakutsi dute The Game Awards aurkezpenean.

Protagonista mugitzen hasten den unean, argi dago Shadow of the Colossus edo ICO maitatuen sortzaileen lan berriaren aurrean gaudela. Robot edo mecha erraldoia eskalatzen ageri da pertsonaia nagusia, presaka… urrunean datorren ekaitz beldurgarritik ihes egin nahian. Robotaren buru gainera igota, gorputzetik banatu, eta alde egitea lortzen du.

Kitto, hori baino ez dakigu Project Roboti buruz. Hala ere, proposamen eta estetika interesgarria baino ez dugu behar, Uedaren lana dela jakiteaz gain, atzetik jarraitzeko.

Epic Games Publishing argitaletxearekin elkarlanean argitaratuko dute bideojokoa. Horrela, Epic Games Store saltokitik PCko bertsioa helduko zaigula baiezkotzat jo dezakegu; PlayStation-ek ere bere katetik zabaldu du bideoa, gainera.