Jokalari bakarrarentzako proiektuak garatzeko indarra eman die Half-Life: Alyxekin lortutako arrakastak.

Pasa den urtetik Zeelanda Berrian bizi den Gabe Newell Valveko arduradun nagusia elkarrizketatu du herrialdeko telebista publikoak. Bertan adierazi duenez, Steam plataformaren jabea hainbat bideo-joko garatzen ari da une honetan.

Iragarpena enpresaren etorkizunari buruz galdetzerakoan egin du Newellek: “iragarriko ditugun bideo-jokoak garatzen ari gara, zalantzarik gabe”. Joan den urtean Half-Life saga ezagunaren atal berria kaleratu zuen Valvek. Errealitate birtuala ardatz duen Half-Life: Alyxek kritika zein zaleen onespena eskuratu zuen.

Valveko zuzendariak jokalari bakarrarentzako proiektuak berriz garatzen hasteak enpresarentzako onuragarria izan dela uste du. “Alyx izugarria izan zen. Jokalari bakarrarentzako lanak garatzera itzultzeak horretan jarraitzeko indarra eragin du enpresaren baitan, azaldu du Newellek. “Bideo-jokoak argitaratzea dibertigarria da”.

Proiektu berriak baieztatu dituen arren ez ditu xehetasunik eman horien inguruan.

Europar Batasunak 7,8 milioi euroko isuna ezarri die Valve eta Steamen argitaratzen duten beste bost argitaratzaileri herrialdeen araberako debekuak ezartzeagatik.

 

Cyberpunk 2077ren egoera

Pil-pilean dagoen bideo-jokoetako bat izan da elkarrizketan agertutako beste gaietako bat. Cyberpunk 2077 polemikez inguratuta dago, eta Newellek CD Projekt Reden abentura dagoeneko bukatu duela adierazi du.

Nola ez, PCko bertsiora jokatu du Valvekoak. Bere plataforma hori izanik, PCko jokalari asko RPGarekin “pozik” ikusi dituela dio. “Bidejokoaren atal batzuk bikainak dira, eta izugarrizko lana eduki dutela ikusi daiteke. Ez da bidezkoa beste garatzaile bati harrika ibiltzea, horrelako anbizioa zein konpletaxuna dituen proiektu bat argitaratzea nahiko txundigarria delako”.

Bideo-jokozaleen erantzunen harira, “jendea benetan kezkatzen delako hasarratzen dela” dio Newellek. Valvek halako erantzun ere jaso ditu noski, eta horiei erantzuna eman beharrean aproposena “egoeratik ikastea” dela uste du. “Edonork daki negozio honen jarraitzaileek itxaropen handiak dituztela”, aldarrikatu du. “Gauzak ondo egiten badituzu hori jakinaraziko dizute, eta gaizki eginez gero ere jakinarazi egingo dizute. Hori da horren industria dibertigarria izatearen arrazoietako bat”.