Ostiral gaueko emanaldiak trailerrak eta sariak bildu zituen. Elden Ring-ek eraman du 2022ko Jokorik Onenaren Saria.
The Game Awards sariak banatu dituzte beste behin. Abenduan egin ohi den galak urteko bideojokorik onenak saritzea du helburu; hala eta guztiz ere, askorentzat interesgarriagoak izaten dira titulu berrien iragarpenak eta trailerrak ikustea. Alde horretatik, 2022ko emanaldiak ustekabeko mordoa eskaini ditu: Hades 2, FF XVI, Death Stranding 2 eta beste hainbat izan dira bertan aurkeztutako obrak.
Goazen iragarpenik interesgarrienen errepasoa egitera, ezustekoetatik hasita dagoeneko erakutsitako jokoen bideo berriak ikusita:
Hades 2
Supergiant Games-ekoek garatutako lehen jarraipena, nola ez, Hades arrakastatsuarena izango da. Akziozko roguelike abenturak milioka jokalari gatibatu ostean, honen mekanikak eta girotzea berreskuratzen dituen bigarren atalarekin jarraituko dute. Protagonista, ordea, guztiz berria izango da: Zagreus-en arreba Melinoë-rekin jokatuko dugu oraingoan.
Argitaratze data zehatzik gabe, 2023an sarbide goiztiarrean estreinatzeko asmoa agertu zuten Supergiantekoek. Momentuz Steam-erako soilik baieztatu dute, baina behin bukatuta plataforma gehiagotan kaleratzea aurreikusten da.
Death Stranding 2
Hideo Kojima sortzaile japoniarra aspalditik ibili da bere lan berriari buruzko irudiak erakusten sarean. Ez da ustekabeko handia izan, baina baieztatzea eskertzekoa da: 2019an merkaturatutako Death Stranding bereziaren bigarren atalean ari dira lanean Kojima Productions-ekoak.
Léa Seydoux eta Norman Reedus aktoreek antzeztutako protagonisten itzulera ikus dezakegu estudioak zabaldutako lehen aurrerapenean. Ohi bezala, bideoak ezer gutxi argitzen du gidoiaren inguruan: aurreko jokoan abiatutako girotzearekin jarraituko dutela baiezta dezakegu bakarrik. Kojimak aipatu duenez, gidoia pandemia aurretik prest zeukan; hala ere, COVID-19aren ondoren goitik behera aldatu duela adierazi du.
DS2 PlayStation 5 kontsolarako soilik iragarri dute momentuz; oraindik ez dugu argitaratze datarik ezagutzen.
Armored Core VI: Fires of Rubicon
Sagako seigarren atala izan arren, Armored Core ez da horren ezaguna bideojokozaleen artean . Bere estudioa bai, ordea: FromSoftware-k soulsborne jokoak egiten hasi aurretik sortutako frankizia da robotena —lehen jokoa 1997koa da!—.
Beti bezala, zinematika ikusgarriarekin aurkeztu dute seigarren Fires of Rubicon atala: borroka ikaragarriak eta mundu apokaliptikoa ikus ditzakegu bertan. Plataformak aditzera eman dituzte: PC-an nahiz PlayStation eta Xbox kontsoletan estreinatuko da datorren urtean.
Judas
Ken Levine garatzailea bueltan da, eta estudio berriarekin dator: Ghost Story Games. Taldeak bere lehen bideojokoa ezagutzera eman zuen Game Awardsetan; Judas deitzen da, eta, zelan ez, Bioshock-en oinordekoa izango da.
Suntsitzear dagoen ontzi batetik ihes egitea izango da gure helburua. Horretarako, aliantzak egin zein apurtu beharko ditugu. Lehen pertsonako jokagarritasuna, botere mordoa eta atal estetiko berezia agintzen ditu bideojokoak. Ordenagailuetan, PS5ean eta Xbox Series-etan merkaturatuko da etorkizunean.
Horizon Forbidden West: Burning Shores
Iragarpenak eduki gehigarri batekin bukatuko ditugu; izan ere, PlayStationeko Horizon Forbidden West bikainak bere lehen espantsioa jasoko du 2023ko apirilean. Burning Shores izenarekin, PS5eko bertsiora baino ez da iritsiko. Aloy protagonistarekin Hollywood izan zena bisitatuko dugu bertan.
FF XVI, Star Wars Jedi: Survivor, Diablo IV eta askoz gehiago
Ezagutzen genituen tituluentzako lekua ere egon zen Game Awardsetan, noski. Esate baterako, Square Enix-ekoek Final Fantasyren hamaseigarren atalaren bideo berria erakusteko aprobetxatu zuten; ez hori bakarrik, 2023ko ekainaren 22an merkaturatuko dutela iragarri zuten bideoarekin. Momentuz, PlayStation 5eko esklusiboa izango da, baina etorkizunean beste plataforma batzuetan ere argitaratuko da.
Star Wars-en hurrengo bideojokoaren lehen jokagarritasun irudiak ikusteko aukera ere eduki genuen. Star Wars Jedi: Survivorrek aurreko tituluaren mekanikak batu eta hurrengo mailara eramango ditu datorren urteko martxoaren 17an.
Activision Blizzard ere izan zen emanaldian, eta bere bideojokorik desiratuenetakoarekin agertu zen. Diablo IV-ren trailerra erakusteaz gain, argitaratze da ere baieztatu zuten: ekainaren 6an jokatu ahalko dugu.
Borroka joko klasikoenek ere beren txokoa eduki zuten. Alde batetik, Street Fighter 6-k ekainaren 2an kaleratuko zela baieztatu, eta lau borrokalari berri aurkeztu zituen: Dee Jay, Manon, Marisa, eta JP. Bestetik, Tekken 8 ikusgarriak istorio bideoa erakutsi zuen, aldi berean pertsonai mordoa baieztatuta: Paul, King, Law, Lars, Jack-8 eta Jun Kazama egongo dira, besteak beste, burdinezko ukabilaren 8. txapelketan.
PlayStationek PCrako bideojokoen berri ematen jarraitu zuen, gainera. Dagoeneko ziurtatuta zegoen The Last of Us: Part 1 martxoaren 3an iritsiko da ordenagailuetara. Horrez gain, horrenbeste aldiz filtratu den Returnal ofizialki baieztatu zuten PCrako; ez dute argitaratze datarik eskaini, baina.
Cyberpunk 2077 polemikoaren espantsioa ezagutu genuen orain gutxi: Phantom Liberty horren bigarren bideoa ikusi ahal izan genuen zuzenekoan. Idris Elba aktorea agertuko da, besteak beste, eduki gehigarrian.
… eta sariak!
Bideojokoak saritzen dituen erakundeak antolatutako sari banaketari buruz ere hitz egin beharko dugu, ezta? 2022ko Bideojokorik Onenaren Saria FromSoftware estudioaren Elden Ring maisulanak eraman zuen: Game Erauntsiatik laudorioak baino ez genituen izan berarentzat gure analisian. Sari nagusiaz gain, zuzendaritzarik onenaren, arte zuzendaritzarik onenaren eta rol jokorik onenaren sariak ere eraman zituen.
God of War Ragnarök izan da 2022ko beste maisulanetako bat. Kratos eta Atreus aita semeen bigarren abenturak narratibarik onenaren, soinu bandarik onenaren, soinu diseinurik onenaren, akzio eta abentura jokorik onenaren, eta antzezpenik onenaren sariak eraman zituen, azken hau Christopher Judge Kratosen ahotsarentzat. Gainera, irisgarritasunean inplementatutako berrikuntzengatik ere saritu zuten.
Sari handiekin bukatzeko, Stray-k Indie Jokorik Onenaren Saria eraman zuen etxera. Bestalde, The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom da jokalariek etorkizunean gehien espero duten bideojokoa. The Game Awardsen sarituen zerrenda osoa ikusteko, hemen saka dezakezue.
Iruzkinak