Gaur grabatuko dugu lehen atala: Twitch-en zuzenean eskainiko da 17:30etik aurrera. Ostean, Naiz Irratian entzuteko aukera egongo da.
Naiz Irratiak denboraldi berriari ekin dio. Saio desberdinen artean dator, seigarrenez, Game Erauntsia: bideojokoen gaurkotasunari zein bestelako edukiei euskaraz helduko die zaletasun hau azaletik jarraitzen duten zein bideojokozale sutsuenei zuzendutako ordubeteko atalekin.
Gaur bertan entzun ahalko duzue lehen atala; beti bezala, Twitch plataformaren bidez zuzenean grabatuko dugu Game Erauntsiako kideok. 17:30ean batuko gara egunotako zein oporraldiko bideojokorik eta iragarpenik esanguratsuenei buruz zuokin batera, txateko jarraitzeileekin, hitz egiteko, baita, nola ez, azken zurrumurruei buruz ere. Astelehenero bilduko gara —dena ondo badoa, bestela, abisatuko zaituztegu— ordu berean.
Grabatutakoa Naiz Irratiko uhinen bidez sareratuko da astearte gauerdietan. Datorren astetik aurrera, 00:00etan entzun ahalko dituzue esandakoak, zuzenekoa galdu baldin baduzue. Bestela, ez arduratu, podcast eta irrati plataforma anitzetan argitaratuko da Game Erauntsia irratsaioa-eta. Hor zerrenda:
Gainera, denboraldi honetarako gure helburua Game Erauntsiaren webgunean irratsaioarentzako atal berezitua prestatzea da, bertatik atal bakoitza zein hauek ikusteko edo entzuteko estekak modu errazean eskaintzeko.
Bideojokoen mundua, gure hizkuntzan
Bideojokoen munduko webguneak, podcastak, YouTube zein Twitch kateak eta bestelako alorrak geroz eta ohikoagoak badira ere, zaletasun honi buruzko informazioa euskaraz biltzen duen txoko bakarrenetarikoa da, tamalez, Game Erauntsia.
Blogaren bitartez albisterik garrantzitsuenak gure mintzairan zabaltzea bilatzen badugu ere, irratsaioarekin modu atseginagoan hurbilagotzea da gure asmoa. Albisteak bakarrik ez, jokatu ditugun azken tituluen analisiak, euskal garatzaileei egindako elkarrizketak zein industriako garatzaileak, estudioak edo obra zehatzak ardatz hartuta prestatutako erreportajeak ere entzun ditzakezue gure ahotik.
Euskal Herriko bideojokoen industria azpimarratzen ere saiatuko gara: etxetik iristen zaizkigun bideojokoak geroz eta ohikoagoak dira, eta maila ere nabarmen hobetzen doa. Hori dela eta, ezinbestekoa da Euskal Herrian garatutako eta argitaratutako obrak ezagutzera ematea gure aldetik. Gauza bera gertatzen da euskarazko bideojokoekin: azken itzulpenak aipatzea ospatzekoa izaten da guretzat, ofizialak ala zaleek egindakoak izan.
Gogoratu, beraz: astelehenero Twitchen aurkituko gaituzu, ondoren Naiz Irratian astearte gauetan entzun ahal izateko!
Iruzkinak