Game Erauntsiaren komunitatean euskaratutako bideo-jokoak, zaleek sortutako gameplay eta bideoak, hitzaldiak zein bestelako ekimenak eta gehiago aurkituko dituzu.

Abuztua heldu da eta horrekin batera askok udako oporraldia hasiko zenuten. Hondartzaz, mendiaz eta batez ere eguraldi onaz gozatzen ibiltzeko garai aproposa da baina noski, Game Erauntsia bisitatzen dutenetakoa izanik bideo-jokoetara aritzeko grinarekin ere egongo zara egunotan. Euskal bideo-jokozaleen elkartetik batzen gaituen afizio honetaz euskaraz disfrutatzeko baliabideak eta edukiak proposatzen dizkizuegu!

 

Bideo-jokoak, euskaraz!

Nola ez, lehenik eta behin bideo-jokoak aipatu behar ditugu. Baina ez edonolako jokoak, euskaraz jokatu daitezkeenak baino. Game Erauntsiak bideo-jokoen plataforma desberdinetan jokatu daitezkeen euskaratutako jokoen zerrenda prestatzeko lana egin du azken urteetan.

Bertan era guztietako lanak aurkituko dituzue: garatzaileek euskaraz argitaratutakoak daude, baina baita gure komunitateko zaleek edo Game Erauntsiak euskaratu dituztenak ere. Super Mario Bros. edo The Legend of Zelda bezalako klasikoetatik hasita Hyper Light Drifter eta Inside indie joko bikainakMirlo: Above The Sun edota Project Senko moduko obra txikiak edo azken hilabeteetan merkaturatutako Itadaki Smash, Batu ta Batu eta The Five Covens abenturak aurkituko dituzue gure zerrendan.

Euskaratutako jokoen zerrenda etengabe hazten ari da; ezagutzen duzuen lanen bat bertan ez dagoela nabaritzen baduzue jarri gurekin harremanetan eta pozik gehituko dugu.

 

Zuzenekoak eta gameplay-ak

Bideo-joko horietara zein beste hainbatetara ibiltzen dira bai Youtube zein Twitch bidez gure komunitateko parte diren bideo-jokozaleak. Gameplayen atalean aurkituko dituzue Game Erauntsiara igotako bideoak, eta bestalde 3000Twitz ekimenarekin bat egin duten edo beraien kabuz zuzenekoak euskaraz egiten dabiltzan streamerren zerrenda osoa ere osatu dugu gure webgunean.

Bertan egon nahi duzu? Idatzi eta gehituko zaitugu! Zuzenekoak egiten ikasteko gogoz bazabiltza horretarako tutorialak ere ikusgai dituzu 3000Twitz egitasmoaren Youtubeko kanalean.

 

Solasaldiak, hitzaldiak… eta irratsaio propioa

Bestalde, azken hilabeteetan askotariko hitzaldiak, solasaldiak eta antzeko ekimenak egin ditugu. Emoki Elkarteko Jone Zalduegi hezkidetzailearekin bideo-jokoei, sare sozialei eta horietan ematen den jazarpenari buruz hitz egin dugu; Euskararen Erronkak Plataforma Digitaletan mahai ingurua burutu genuen Disney Plus Euskaraz plataformako eta BIEUSEko kideekin batera; irratigintzan lehen pausoak eman ditugu gainera Naiz Irratian egindako Game Erauntsia irratsaioarekin, bideo-jokoen gaurkotasuna eta atal desberdinak jorratuz bertan. E3 2021 azoka digitaleko aurkezpenen jarraipena ere egin dugu aurten, bideo-joko ikusgarrien iragarpenak zuzenean ikusita.

Ezin gara ahaztu Jokoteknia Euskal Bideo-joko Jardunaldietaz, noski. Pasa den urte bukaeran burutu genuen hirugarrenez ekimen hau: bertan bideo-jokoen industriari lotutako hainbat hizketaldi gauzatu ziren esparru desberdinetako adituekin batera. Animazioa, itzulpengintza, bideo-jokoek eragin ditzaketen onurak eta gehiago landu ziren azken edizioan.

Era guztietako txapelketak

Bideo-jokoekin lotutako txapelketa eta lehiaketa desberdinak ere antolatu izan ditugu gure komunitatean. Azken hilabeteetan Gu Ere Bai! ekimenarekin eta Hamaika Telebistarekin elkarlanean burututako FIFA21 Euskal Liga, Rocket Leaguen oinarrituta Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak prestatutako Klikazank lehiaketa eta askoz gehiago egin ditugu. Esate baterako, orain gutxi egin genuen #BaloratxioakGE txapelketan komunitateko kideek beraien bideo-joko gustukoenen analisiak idatzi dituzte, maila benetan aparta erakutsita.

Halako txapelketak proposatu eta antolatzearen lana zure esku ere egon daiteke! Ez izan beldurrik gurekin harremanetan jartzeko ideiaren bat bururatuz gero: beti prest gaude komunitatearekin elkarlanean halako ekimenak antolatu eta elkarrekin ondo pasatzeko.

 

Jarraitu bideo-jokoen azken albisteak gure blogean!

Game Erauntsiaren blogean bideo-jokoen munduko gaurkotasuna jarraitzeko aukera duzue, baina baita analisi sakonak, zaletasun honi lotutako askotariko erreportajeak, garatzaile euskaldunei egindako elkarrizketak eta askoz gehiago irakurtzekoa ere.

 

Komunitatearekin bat egiteko hainbat aukera

Bideo-jokozale sutsuenentzako zein mundutxo honetan murgiltzen hasitako jendea ezagutzeko, batera jokatzeko partidak antolatzeko eta orokorrean hitz egin eta ondo pasatzeko txoko desberdinak ere baditu Game Erauntsiak. Discord zerbitzari propioa daukagu joko desberdinetara aritzeko ahotsezko zein idatzizko txatak biltzeko. Telegram taldea bideo-jokoen azken albisteei buruz solasteko gune aproposa da, baina baita gomendioak egin, laguntza eskatu eta beste edozein gauzatarako ere.

Hainbat sare sozialetan ere aurkituko gaituzue. TwitterInstagram eta Facebook sare sozialetan erabiltzailea dauka Game Erauntsiak, baita Mastodon-eko euskal instantzian ere.

Oporraldian atseden txikia hartuko dugu, baina irailetik aurrera indar betean itzuliko gara euskara eta bideo-jokoak elkartzea posible dela erakusten jarraitzeko asmoarekin. Animatu zaitez eta egin bat gure komunitatearekin bideo-jokoetaz euskaraz gozatzeko!