Baldur’s Gate, Blasphemous 2, Grand Theft Auto VI, KlaustroFobia edo Tunic nagusitu dira aurten kategoria desberdinetan.

Urtea ondo hasteko iazko bideojokoei begira jarriko gara. Izan ere, Game Erauntsia Sariak 2023ren irabazleak ezagutu ditugu: euskal bideojokozaleen komunitateko kideek joan den urteko tituluak bozkatzeari ekin zioten 2023ko azken egunetan.

Euskal Herriko jokalariek gozatu dituzten obrak ezagutzea da Game Erauntsia Sarien helburu nagusia; hau da, gure komunitateko erabiltzaileak harrapatzea eta maitemintzea lortu duten jokoak biltzea.

81 partaiderekin, denetariko bozkak egon dira aurtengo ekimenean: AAA ezagunenekin batera, indie txikiak azaldu dira prestatu genuen galdetegian. Aurtengoan generoei begira jarri beharrean, plataformei eman diegu garrantzia: kontsola edo gailu bakoitzeko jokorik onenen kategoriak izan ditugu.

Etxera begira jartzeko aprobetxatu dugu, urtero bezala. 2023an Euskal Herriko garatzaileek sortutako zein argitaratutako hainbat lan ikusi ditugu; ez hori bakarrik, euskaratzeen marka guztiak hautsi genituenez, garatzaileek nahiz zaleek egindako lokalizazio lanak nabarmentzeko kategoria eduki dugu.

Besterik gabe, goazen urteko jokorik onenak ezagutzera!

 

2023ko bideojokorik onena

Iazkoa urte bikaina zein gogorra izan da bideojokoen munduarentzat. Alde batetik, industriako langile kopuru erraldoia lanik gabe geratu da kaleratzeen ondorioz: PlayStation, Epic Games, EA, Ubisoft, Embracer Group edo Sega bezalako enpresa handietan ehundaka langile biltzen dituzten kaleratzeak ikusi ditugu.

Bestetik, maisulan ugari merkaturatu diren urtea izan da. Hori horrela, urteko bideojokorik onena aukeratzeko bozkaketa gogorra izan da: Baldur’s Gate 3, Alan Wake 2, Super Mario Bros. Wonder edo The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom, estreinatu ziren, besteak beste, iaz.

Batek bakarrik eraman zezakeen sari nagusia, ordea, eta Larian Studios taldearen lanak jaso du: Baldur’s Gate 3k lortu du botoen gehiengoa kategoria garrantzitsuenean, mota bereko beste zenbait ekimenetan egin modura.

Larianekoen RPGak begirada guztiak erakartzea lortu du, eta ez da harritzekoa: mundu zoragarria eratzeaz gain, txandakako borroka zirraragarriak, erabakiz betetako gidoi sakona, grafiko ikaragarriak eta kooperatibo berezia uztartzen ditu.

Baldursek lortutakoa ez da makala izan: gainerako hainbat kategoriatan ere garaikurra lortu du 2023ko ezusteko handiak —bukaeran aurkituko duzue laburpena!—.

BG3ren atzetik Nintendo-ren 2023ko bi saga nagusiak geratu dira: The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom eta Super Mario Bros. Wonder dibertigarriek jarraitu diote botoen kopuruan.

 

Urteko bideojokorik onena
  1. Baldur’s Gate 3 (27 boto)
  2. The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom (20 boto)
  3. Super Mario Bros. Wonder (8 boto)

 

Euskal Herriko jokorik onena eta euskaratzerik onena

Kategoria nagusia alboratuta, Game Erauntsiarentzat esanguratsuenak euskal jokorik onenaren nahiz itzulpenik onenaren sariak dira, zelan ez. Aurten Euskal Herriko hainbat lurraldetako lanak jaso ditugu: gehienak Bilbotik datoz, bai, baina Donostiako, Irungo edo Iruñeko jokoak merkaturatu dira.

Obra handiak eta txikiak egon dira horien artean, genero guztietakoak. The Silent Swan bezalako ibilbide simulagailu ederrak, IDEA-ren puzzle sinpleak, Syzygy plataforma jokoa, Evil Nun: The Broken Mask-en eguneratutako beldurrezko proposamena edo gure Euskal Game Jam ekimenean sortutako bideojokoen artean bozkatzeko aukera eduki dute partaideek.

Irabazlea, hain zuzen ere, bideojokoen sorkuntzari lotutako ekimenean argitaratutako lanetako bat izan da: KlaustroFobia berezia. Bi eta hiru dimentsioak elkartzen dituen bideojoko bitxiak lortu ditu boto gehien, gainerako proposamenen artean gailenduz.

 

Euskal bideojokorik onena
  1. KlaustroFobia (23 boto)
  2. Arimen Gaua (9 boto)
  3. The Silent Swan (6 boto)

Euskarazko bideojokoei dagokienez, urtea bukatu aurretik aipatu genuena gogorarazi nahi dugu: 38 bideojoko lokalizatu ziren iaz, marka guztiak hautsiz! Jatorriz euskaraz argitaratutakoa edo ondoren zaleek itzulitakoa izan, gure galdetegian agertu da.

2023ko euskaratzerik onenaren saria Ibai Oihanguren zaleak egindako lokalizazio lanak eraman du, beste behin. Tira, pixkat gehiago zehaztu beharko dugu, IbaiOSek hiru joko euskaratu baititu: Tunic zoragarriaren itzulpenak jaso du euskaratzerik onenaren saria.

Bigarren eta hirugarren postuetan, berriz, lehia gogorra jazo da: Super Mario World klasikoak Ciao Nonna retro abenturarekin batera jantzi du zilarrezko domina, eta horien atzetik Signalis eta Celeste indie abentura zoragarrien itzulpenak egon dira.

 

Euskaratzerik onena
  1. Tunic (9 boto)
  2. Super Mario World / Ciao Nonna (7 boto)
  3. Celeste / Signalis (6 boto)

 

Bukatzeko… gainerakoak!

Esan bezala, askotariko kategoriak eskaini ditugu gure sarietan. Plataforma bakoitzeko jokorik onena bilatu dugu, baina baita obra independenterik interesagarriena edo multijokalaririk apartena ere. Amaitzeko, etorkizunera begira jarri gara gehien espero duzuen jokoaren sariarekin.

 

PlayStation-eko jokorik onena
  1. Baldur’s Gate 3 (24 boto)
  2. Marvel’s Spider-Man 2 (23 boto)
  3. Alan Wake 2 (10 boto)
Nintendo Switch-eko jokorik onena
  1. The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom (39 boto)
  2. Super Mario Bros. Wonder (14 boto)
  3. Outer Wilds (7 boto)
Xbox-eko jokorik onena
  1. Baldur’s Gate 3 (32 boto)
  2. Alan Wake 2 (11 boto)
  3. Hi-Fi Rush (9 boto)
PCko jokorik onena
  1. Baldur’s Gate 3 (41 boto)
  2. The Last of Us: Part I (10 boto)
  3. Alan Wake 2 (6 boto)
Gailu mugikorretarako jokorik onena
  1. Resident Evil Village (15 boto)
  2. Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge (14 boto)
  3. Monster Hunter Now (12 boto)
Indie jokorik onena
  1. Blasphemous 2 (17 boto)
  2. Sea of Stars (10 boto)
  3. Cocoon (9 boto)
Multijokalaririk onena
  1. Baldur’s Gate 3 (25 boto)
  2. Super Mario Bros. Wonder (19 boto)
  3. Street Fighter 6 (10 boto)
Gehien espero duzun jokoa
  1. Grand Theft Auto VI (31 boto)
  2. Hades II (11 boto)
  3.  S.T.A.L.K.E.R. 2 (8 boto)

Irabazle guztiak aipatuta, eskerrik asko benetan bozketan parte hartzera animatu zareten guztioi!  2024an bideojokoen gaurkotasunaren berri ematen jarraituko dugu Game Erauntsian, ohi bezala, Euskal Herriko sortzaileen lanak nabarmenduz.

Ezin gara zozketaz ahaztu! Botoak ematera animatu zareten artean batek eramango du opari txartela etxera: Xaierbe erabiltzailea da irabazlea. Laster jarriko gara berarekin harremanetan nahi duen plataformarako txartela zehazteko.

Game Erauntsiaren zein bideojokoen munduko albisterik garrantzitsuenak argitaratzen ditugu gure webgunean, baina komunitatean parte hartzeko Telegram edo Discord taldeetara batu zaitezkete, besteak beste. Bideojokoez euskaraz gozatzeko lekurik aproposenak dira; beraz, zaletasun hau beste lagun batzuekin partekatu nahi baduzu, anima zaitezte!