Donkey Kong Bananza,, Hollow Knight: Silksong, Prince of Persia: The Lost Crown edo Numbra izan dira bozkatuenak kategoria desberdinetan.

Urte berrian sartu garen arren, aurrera begira jarri aurretik 2025a errepasatzeko tartea hartu beharra daukagu Game Erauntsia Elkartean. Ohi bezala, euskal bideojokozaleen komunitateko kideek iazko bideojokorik onenak bozkatu dituzte, irabazle bakarra hautatuta. Clair Obscur: Expedition 33 da GESarien 2025eko edizioaren txapeldun nagusia.

Gabonetako oporrak hartu baino lehenago ireki genuen bozkatzeko epea, eta urte bukaerara arte eduki zuen euskal komunitateak kategoria desberdinetan izendapenak bidaltzeko aukera. 64 partaide animatu dira aurten parte hartzera, denetariko bideojokoak hautatuta.

Izan ere, urteko bideojokorik onenarena da saririk garrantzitsuena, baina besteak ere kontuan hartzekoak dira. Plataforma bakoitzeko titulurik esanguratsuenak bilatu ditugu, adibidez, baita multijokalaririk onena edo indie obrarik apartena. Beti bezala, euskaldunentzat iragarrita dagoen bideojokorik desiratuena zein den ezagutu nahi izan dugu…

Guretzat benetan nabarmentzekoak dira, bukatzeko, euskal joko nahiz euskaratze onenen kategoriak. Game Erauntsiatik bakarrik antolatzen diren sariak izanik, garrantzia berezia eskaintzen diegu, bertokoek egindako lana goraipatzeko bidea direla uste baitugu.

 

2025eko handienak

Clair Obscur: Expedition 33 urteko ustekabe handia izan da, inolako zalantzarik gabe. JRPG frantsesak mekanika freskoak, gidoi erakargarria eta behar bezalako zaindutako esparru ugari ekarri ditu, maitasunez eratutako jokoa dela argi utzita. Hori bai, Sandfall Interactive-n lana aukeratuko zuten euskal bideojokozaleek, baina gainerako izendapenak eta kategoriak ere aipatu beharra dago.

Hollow Knight: Silksong 2025eko beste joko handietako bat izanik, hurbil, oso hurbil eduki du Expedition 33k GESarietan: boto bakarragatik galdu du Team Cherry taldearen metroidvania ikaragarriak. Hirugarren postuan, bestalde, Kingdom Come: Deliverance II geratu da.

Donkey Kong Bananza, Hades II, Mario Kart World, Split Fiction edo Blue Prince bezalako lanek ere zenbait boto jaso dituzte partaideen aldetik.

Urteko bideojokorik onena
  1. Clair Obscur: Expedition 33 (20 boto)
  2. Hollow Knight: Silksong (19 boto)
  3. Kingdom Come: Deliverance II (8 boto)

 

Euskal Herrira begira jarrita

Nazioarteko AAA nahiz indie handiek erakarriko dituzte begirada guztiak, baina gureari balioa emateko aukera aparta dira, esan bezala, Game Erauntsia Sariak.

Euskal garatzaleei eta bideojokoei zuzendutakoa da gure lehen kategoria. 2025. urteak obra ikaragarriak ekarri dizkigu etxetik: Bazterka – Urik gabeko herria bezalako danmaku joko eroa, Kofoin – Swarm Defense estrategia tituluaren aurretiazko sarbidea edo beldurra ardatz daukaten Submersed 2 – The Hive eta Terrifier: The ARTcade Game ikusi genituen iaz. Mugikorretan, bestalde, Munstro dibertigarriaren iOS bertsioa nahiz Daily Pastimes joko bilduma estreinatu ziren.

Irabazleak DigiPen ikastetxeko ikasleak izan dira, ordea. Beste urte batez, botoen zaparrada jaso du Bilboko zentroan sortutako titulu batek: Hamahiru ikasle taldeak sortutako Numbra itxurosoak 27 bozka eraman ditu partaideen aldetik.

Euskal bideojokorik onena
  1. Numbra (27 boto)
  2. Bazterka – Urik gabeko herria (14 boto)
  3. Munstro (8 boto)

Itzulpenek ere begirada guztiek erakartzen dituzte gure sarietan. Bai euskal garatzaileek, bai zaleek egindako lana ikaragarria izaten da lokalizazio arloan: 21 bideojoko euskaratu ziren pasa den urtean, denetariko altxorrak ikusita.

Euskaratzerik onenaren sariarekin ez da euskaraz dagoen jokorik onena saritzea bilatzen hala ere; horren ordez, lokalizazio lanik apartena nabarmendu nahi da, bideojokoak itzultzea ederra, baina gogorra baita. Hamahirukoen Numbrak irabazi du, berriz, saria, baina atzetik zaleek itzulitako bi obra mitiko eduki ditu: Silent Hill 2 eta The Legend of Zelda: Link’s Awakening.

Euskarazko jokoena ospatzekoa denez, gainerako tituluek ere hainbat boto jaso dituzte: Balatro (6 boto), Dead Cells (4 boto), Overcooked! (3 boto), Untitled Goose Game (2 boto), Sanitarium (2 boto), Shadow Tactics: Blades of the Shogun (2 boto), Clutchtime: Basketball Deckbuilder (boto 1) eta Kofoin – Swarm Defense (boto 1) jokoen itzulpenak hautatu dituzte zenbaitek.

 

Euskaratzerik onena
  1. Numbra (17 boto)
  2. Silent Hill 2 (12 boto)
  3. The Legend of Zelda: Link’s Awakening DX HD (10 boto)

 

Kategoria guztiak

Sari gehiago daude gurean, noski. Antzeko beste ekitaldi batzuek egiten dutenetik aldentzen saiatzen gara, dozenaka kategoria edukitzea ahaztuz; dena den, plataforma bakoitzeko jokorik onena bilatzen saiatzen gara bestelako sari bereziekin batera.

PlayStation kontsoletarako jokorik onena
  1. Clair Obscur: Expedition 33 (29 boto)
  2. Ghost of Yōtei (12 boto)
  3. Death Stranding 2: On the Beach (9 boto)
Nintendo Switch kontsoletarako jokorik onena
  1. Donkey Kong Bananza (30 boto)
  2. Mario Kart World (13 boto)
  3. Kirby Air Riders (10 boto)
Xbox kontsoletarako jokorik onena
  1. Clair Obscur: Expedition 33 (42 boto)
  2. The Outer Worlds 2 eta Grounded 2 (6 boto)
  3. Avowed (5 boto)
PCrako jokorik onena
  1. Clair Obscur: Expedition 33 (24 boto)
  2. Hollow Knight: Silksong (19 boto)
  3. Kingdom Come: Deliverance II (8 boto)
Gailu mugikorretarako jokorik onena
  1. Prince of Persia: The Lost Crown (28 boto)
  2. Persona 5: The Phantom X (18 boto)
  3. Sonic Rumble (9 boto)
Indie jokorik onena
  1. Hollow Knight: Silksong (35 boto)
  2. Hades II (12 boto)
  3. Blue Prince (5 boto)
Multijokalaririk onena
  1. Mario Kart World (23 boto)
  2. Split Fiction (18 boto)
  3. PEAK (9 boto)
Gehien espero duzun jokoa
  1. The Witcher IV (17 boto)
  2. Grand Theft Auto VI (14 boto)
  3. Resident Evil Requiem (9 boto)

 

Zozketa!

Game Erauntsia Sarietan bozkatzea eskertzen dugunez, parte hartzaileen artean sari txikia zozkatzen dugu urtero: aurten ere 20 euroko opari txartela banatuko dugu.

Irabazlea Iban Lantxo izan da. Zurekin harremanetan jarriko gara laster txartela zein plataformarako nahi duzun galdetzeko, zorionak!

Milesker bihotzez bozketan parte hartu duzuen guztioi! Game Erauntsiatik lan berbera egiten jarraituko dugu aurten, bideojokoak eta euskara alor zein esparru desberdinetan uztartuz, eta euskal bideojokozaleentzako topagunea eraikiz.

Komunitatean parte hartzeko Telegram edo Discord taldeetara batu zaitezkete, besteak beste. Bideojokoez euskaraz gozatzeko lekurik aproposenak dira; beraz, zaletasun hau beste lagun batzuekin partekatu nahi baduzu, anima zaitez!

Edozein laguntza mota eskertzen dugu. Elkartean ekarpenak egitera sartu nahi izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan; bestela, eduki sortzaileentzako nahiz itzultzaileentzako txokoak ere baditugu.