Bozkatzeko epea gaurtik abenduaren 31ra arte irekita egongo da. Oparia zozkatuko dugu partaideen artean!
Bideojokoak saritzeko ekimen ugari ikusten ditugu urte bukaeran. Euskaraz, eta, euskaldunentzat, bakarra baino ez: Game Erauntsia Sariak abian dira!
2025eko bideojokorik onenak hautatzea eta izendatzea da, beti bezala, elkarteak antolatutako ekimenaren helburu nagusia. Lana, baina, komunitateko kideena da: zuok aukeratuko dituzue kategoria bakoitzeko irabazleak.
Aurtengoa lehia gogorra izango da. Alde batetik, aspalditik espero genituen bideojoko handi zein txikiak estreinatu dira, azkenik, 2025ean: Hollow Knight: Silksong, Metroid Prime 4: Beyond, Death Stranding 2: On the Beach, Hades II, Mario Kart World…
Beste aldetik, itxaron ez, baina gure bihotzean geratzea lortu duten obrak ere jaso ditugu urte honetan. Clair Obscur: Expedition 33 maisulanetik hasita, Donkey Kong Bananza, Split Fiction edo Ghost of Ghost of Yōtei zoragarriak iritsi zaizkigu.
Ez dugu generokako kategoriarik proposatuko. Horren ordez, sari orokorrak, eta plataforma bakoitzeko estreinaldiak proposatuko dizkizuegu —bestela, sarritan, hautagaiak behin eta berriro errepikatzen direla iruditzen zaigu—. Hala eta guztiz ere, ez gara izendapen batzuetara mugatuko: nahi duzuen jokoa bozkatzeko aukera daukazue, mugarik gabe.
Lainoan antolatu dugun galdetegian bota ditzakezue zuon izendapenak eta proposamenak. Bozkatzeko epea urte bukaeran itxiko dugu, abenduaren 31n.
Euskal jokoak nabarmentzeko garaia
Kategoria orokorrak aipatu ditugu, baina ez gara horietara mugatuko. Euskal bideojokozaleen komunitatetik etxera begira jarri gura dugu, betiko lez, Euskal Herriko bideojokoak nabarmentzeko eta hauen garapenarekin eta argitaratzearekin egindako lana ezagutzera emateko.
Bi kategoria berezi aurkituko ditugu GESarietan. Hasteko, 2025eko Euskal Herriko bideojokorik onena bozka dezakezue. Aurten Numbra, Tagzania, Bazterka – Urik Gabeko Herria, Kofoin – Swarm Defense, Terrifier: The ARTcade Game edo Submersed 2 – The Hive estreinatu dira, besteak beste.
Bigarrenik, guretzat horren garrantzitsuak diren euskaratzeak jarriko ditugu mahai gainean. Ofizialki zein ez ofizialki, ikaragarrizko bideojokoak euskaraz jokatzeko aukera eduki dugu 2025ean: Windswept, Hidden Folks, Silent Hill 2, Balatro, Heave Ho, Dead Cells, The Legend of Zelda: Link’s Awakening DX HD, Shadow Tactics: Blades of the Shogun, Overcooked… garatzaileek zein zaleek lortutakoa eskertzekoa eta ospatzekoa da. 21 dira aurten euskaratutako bideojokoak!
Eskerrik asko, benetan, lokalizazio lanak burutzen ibiltzen zareten guztioi.
Oparia partaideentzat
Parte hartzeak oparitxoa ekar dezake, bukatzeko: 20 euroko opari txartela zozkatuko dugu inkesta modu egokian bete dutenen artean. Irabazleak hauta dezake txartela zein plataformatarako nahi duen!
Sarituak bideojokoen irabazleekin batera ezagutzera emango ditugu datorren urte hasieran.
Game Erauntsia Elkartea
Zerrendan aipatutako bideojokoren batek interesatzen badizu, edo hauei buruz sakon hitz egiteko gogoak badituzu, gogoratu Game Erauntsia webgune hau baino askoz zabalagoa dela. Bideojokoei buruz eztabaidatzeko, elkarrekin jokatzeko, eta, orokorrean, zaletasun honetaz euskaraz gozatzeko talde desberdinak ditu euskal bideojokozaleen komunitateak!
Lehenik eta behin, gure Telegram taldea aipatu behar da. Bertan jo eta su ibiltzen gara industriako azken berriei buruz hitz egiten, jokoak gomendatzen edo bitxikeriak partekatzen, baita Twitch-eko euskarazko zuzenekoak zabaltzen ere. Talde orokorraz gain, beste hainbat lanetarako bilguneak ditugu: esate baterako, itzulpenekin laguntzeko txata.
Bigarrenik, ezin dezakegu gure Discord zerbitzaria kanpoan utzi. Eztabaidarako lekua dagoen arren, partidak antolatzeko tokirik aproposena da: bertan multijokalari bideojokorik ezagunenentzako taldeak aurki ditzakezu.
Hirugarrenik, Game Erauntsiaren sare sozialak aipatu behar ditugu. Mastodon, Instagram, Twitter zein Facebook plataformetan gaude: bertan gure blogeko azken artikuluak zabaltzen ditugu, baita gure ekimenen berri eman ere! Gainera, Twitch, Peertube.eus eta Youtube plataformetan aurkituko gaituzu zuzenekoak egiten eta bideoak igotzen!
Game Erauntsia irratsaioa nabarmendu beharra dago! Naiz Irratiaren bideojokoen saioa entzuteko —eta ikusteko— hainbat bide daude. Denboraldi guztien bideoak Youtuben ditugu, baina irratsaioak Naiz Irratiaren webgunean, zein Spotify, Ivoox eta Apple Podcasts plataformetan entzun ditzakezu!
Milesker, bihotzez, komunitatean parte hartu duzuen guztioi. Lan asko dago egiteko, dena den: Game Erauntsian beti gabiltza laguntzaile eta elkarkide gehiagoren bila. Elkartean beste modu batera parte hartu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan!
Jokatu asko oporretan, eta datorren urtera arte!
Lander Unzueta

Iruzkinak