Sakeleko munstroen 10. eta 11. belaunaldietako tituluak eta gehiago ezagutu ditugu. Pokémon Legends: Z-A-ren pokedex osoa aurki daiteke sarean.

Egun gogorra Game Freak, The Pokémon Company eta Nintendo taldeentzat. Lehenengoaren ibilbide orria filtratu da sarean, 2030. urtera arteko plangintza argitara emanez.

Informazioa iazko Teraleak ezagunaren atzean egon zen pertsona berak zabaldu duenez, informazioa egiazkotzat jo dezakegu: Resetera zein beste hainbat forok eta hedabidek zabaldu dituzte datuak. Nahiz eta filtratutakoak prestatzen dabiltzan bideojokoen kode izenak diren, irudiak eta arte kontzeptuala ere ikus dezakegu zabaldutakoen artean.

Ezagututako lehen jokoak Pokémonen hamargarren belaunaldikoak dira. Gaia kode izenaren atzean daude, itxura batean, Pokémon Waves eta Wind (Olatuak eta haizea). 2026an argitaratuko direla aipatzen da filtrazioan, eta 2027rako hainbat eduki gehigarri prestatuko lituzke Game Freakek.

Indonesiako zein Hego-ekialdeko Asiako girotzeak hartuko ei dituzte bideojoko berriek; borrokei dagokienez, eguraldiari lotutako mugimenduak eta mekanikak ikusiko ditugula diote. Shigeru Ohmori omen da proiektuaren zuzendari nagusia.

Ondoren, Pokémon Legends azpisagako hirugarren titulua jasoko genuke —bigarrena, Pokémon Legends: Z-A, astebete barru iritsiko da—. Ringo kode izenarekin, Galar eskualdean girotuko litzateke, joko nagusiak baino 1.000 urte lehenago: 2027rako kaleratzea aurreikusten da, barne txostenen arabera.

11. belaunaldiaren informazioa ere iritsi zaigu filtrazioarekin, 2030erako prest eduki nahi dutela aipatzen baita dokumentuetan.

Informaziorik interesgarriena, baina, Seed izeneko proiektuari lotutakoa da. Kanto, Johto, Hoenn eta Sinnoh eskualdeak bilduko dituen abentura berri erraldoia izango dela dirudi. Online funtzionalitateak nabarmentzen dira dokumentuetan, “hainbat pertsonak elkarrekin joka dezaketela” esanez, agian MMORPG baten aurrean gaudela adierazita.

Aurrekontuak ere ezagutu ditugu: Scarlet eta Violet jokoen eduki gehigarriek 500 milioi yen-eko kostua izan omen dute; Pokémon Legends Z-Ak, berriz, 2 mila milioi yen balio dituela dio filtrazioak; etorkizunera begira, hamargarren belaunaldiko Pokémon Waves eta Wind jokoen aurrekontua 3 mila milioi yenetakoa dela aipatzen da.

Bukatzeko, etzi estreinatuko den Pokémon Legends: Z-Aren pokedex osoa zabaldu da sarean, iragarri gabeko megaeboluzioak eta bestelako datuak utzita.