Europa mailako eSport-en lehiaketa ekitaldi bat da Gamegune. Haren ospea handituz joan da Euskal Encounterren barruan 11 urtez, eta orain arte behintzat Counter Strike 1.6 jokoa izan da izarra.

Bere lehen edizioan Counter-Strike 1.6 lehiaketa gisa hasi zen, eta CPLrako (Cyberathlete Professional League) leku bat eskaini zuen sari gisa. Irabazlea Dallasera joan zen, gastu guztiak ordainduta, finalean parte hartzera.

Gamegune bakoitzean, hainbat nazionalitatetako 21 taldek hartu izan dute parte. Gehienak europarrak izan dira, baina izan dira Hego Amerikako, Ipar Amerikako eta Asiako hainbat herrialdetako parte-hartzaileak ere.

Guztira 11 aldiz egin da Euskal Encounterren barruan eta 2 aldiz Mexikon, Aldea Digital topaketan. Aurten, Guggenheim Bilbao Museoan egingo da azaroaren 20 eta 21 bitartean eta 2014eko jokorik interesgarrienetako bat izango du ardatz: HearthStone. Bide batez, guk ere antolatu dugun txapelketa amateurra final laurdenekoetan sartu da iada ;)

Kirol elektronikoak (eSport)

Electronic sport (eSport) edo kirol elektroniko deitzen zaie bideo-jokoetako profesionalak elkarren aurka aritzeko antolatzen diren txapelketei.

Hego Korean hasi zen guztia; han, 2000. urteaz geroztik dituzte jokalari profesionalak. Koreakoaz gainera, Europan, Ipar Amerikan, Australian eta Txinan ere egiten dira txapelketak.

Kirol elektronikoen artean, hauek dira gehien erabiltzen eta jarraitzen direnak:

  • HearthStone
  • League Of Legends (PC)
  • Dota2 (PC)
  • CS:GO (PC)
  • Call Of Duty (Xbox 360)
  • FIFA (Xbox 360)

Bideo-jokoen mundu mailako negozioak zifra handiak mugitzen ditu: 40 mila milioi dolar 2011n, eta 70 mila milioi dolar 2013an. Bideo-jokoen erabiltzaile aktiboak: mila milioi inguru izango direla jotzen da. Sexuaren arabera, jokalarien % 85 gizonezkoak dira, eta gainerako % 15a, emakumezkoak.

Txinan hainbesteko gorakada izan dute eSport-ek, ezen 2017rako 15.000 lagun hartuko dituen estadio bat eraikiko baitute eSport-etarako oso-osorik. Hengqin uhartean egongo da, Macau hiritik hurbil.

Hau guztia gutxi iruditu bazaizu, internet bidez eSport-ak jarraitzen dituztenen kopurua bikoiztu egin zen 2012tik 2013ra bitartean, eta 71 milioiraino iritsi zen.

 

Ekitaldi honi buruzko informazio gehiago gamegune.org atarian