Durangoko Azokako 52. edizioko lehenengo goiza igaro da dagoeneko. Bertan, liburu eta diskoen eskaintza berria ezagutzeaz gain, euskararen bultzatzaileek tokitxo bat izan dute Kulturaren Plaza horretan. Jakina, horien artean geu ere egon gara, Game Erauntsiako kideok, baita gurera hurbildu den jende andana ere!
Kabia Gunera bueltatu gara aurten ere geure “Gamer Gela” egitasmoarekin. Helburua betikoa da, hots, aisialdia euskaraz egiteko aukera dagoela demostratzea. Goizeko tarte honetan adibide anitz izan ditugu, euskarazko bideo-joko anitz erakutsi baititugu: “0 A.D.”, “Super Tux Kart”, “Braid”, “The Vanishing of Ethan Carter”, eta abar.
Oraintxe bertan arratsaldeko ekitaldiak prestatzen ari gara. 16.30an hitzaldi praktiko bat eskainiko dugu (Nola itzultzen da bideo-joko bat?); ondoren, 17.00etan, “Super Tux Kart” txapelketan parte hartzeko izen emate epea irekiko dugu (txapelketa bera 17.30ean hasiko da); eta amaitzeko, goizean erakutsi ditugun jokoekin aritzeko parada ere izango dugu.
19:30ak arte egongo gara hemen. Zuen zain gaude!
Iruzkinak