Arratsaldeko irekiera ekitaldian 20 bideojoko inguru bilduko dituztela baieztatu du Geoff Keighleyk.
Uda garaia bukatzear dagoela bideojokoen azken ekimen handia hasteko dago. 2020ko Gamescom ekitaldi europarra ere formatu digitalera igaro den arren askotariko iragarpenak aurreratu dituzte antolatzaileek: bi orduko iraupena izango duen Opening Night Live saioarekin emango diote hasiera gaur arratsaldean.
19:30ean irekiko dituzte Gamescomeko ate digitalak. Geoff Keighley kazetariak aurkeztuko du hasierako saioa, eta bertan 20 bideojoko baino gehiago batuko dituztela agindu du. “Belaunaldi berria eta joko indieak izango ditugu bertan, munduko jokorik garrantzitsuenak ditugu eta hasierako saio honetarako gauza mordoa prestatu ditugu”.
Aurkezpena YouTube, Facebook eta Twitch bidez jarraitu ahalko da. Saioa Summer Game Fest ekimeneko azken ekitaldia ere izango da, udako aurkezpenei bukaera emanez modu horretara.
Opening Night Live bukatuta, igandera arte iraungo duen ekimena hasiko da. Gamescomek bideojokoen alorreko 85 enpresa baino gehiago bildu ditu aurten: Xbox, Sega, Ubisoft, Bethesda eta beste hainbat enpresek bere bideojokoak erakutsiko dituzte ekimenaren baitan.
Iruzkinak