Atal grafiko berriarekin zein klasikoarekin jokatzeko aukera dakar. Urriaren 19an kaleratuko da gaur egungo plataformetan.
Gargoyles abentura klasikoaren bermasterizazioa ofizialki iragarri du Disneyk PC-rako zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletarako. Plataforma jokoan lan egiten ari zirela ezagutzera eman zuten orain hilabete batzuk; D23 Expo ekimenaz baliatu dira Gargoyles Remastereden jokagarritasuna lehen aldiz erakusteko.
1995. urtean Buena Vista Interactive estudioak Sega Mega Drive kontsolan kaleratutako —SNESeko bertsioa aurreikusita zegoen, baina bertan behera geratu zen— titulua zen gargolena; izen bereko animazio telesailean oinarrituta zegoen, pertsonaiak, girotzea eta gehiago bereganatuz.
Bermasterizazioa, berriz, Empty Clip Studios-en esku egongo da. Iragarpen bideoan agerikoa denez, ez da bereizmena soilik areagotzen duen bertsioa izango: grafikoak zeharo berregin dituzte eskuz marraztutako sprite-kin, aldi berean ezaugarri bereziak inplementatuta.
Berezitasun interesgarriena atal grafikoz bat-batean aldatzearena izango da. Horrela, grafiko klasikoak zein berriak aukera ditzakegu edozein momentutan. Gainera, aspaldiko plataforma joko gupidagabe horiei aurre egiteko eskertzekoa den baliabidea gehitu dute: denboran atzera egiteko aukera.
Limited Run argitaletxeak, gainera, formatu fisikoan merkaturatuko du Gargoyles Remastered. Hiru edizio edukiko ditu: arrunta, classic eta collector’s. Interesgarriena azkena da: Goliath protagonistaren figura, VHS itxurako kaxa eta beste hainbat gehigarri dakartza.
Gargoyles Remastered urriaren 19an estreinatuko da. Esan bezala, PS, Xbox eta Switch kontsoletan nahiz PCan jokatu ahalko dugu.
Iruzkinak