PC, Xbox, eta, lehen aldiz, PS5 plataformetan estreinatuko da tiro joko klasikoa. Gears of War: Ultimate Edition-en jabeek doan jasoko dute.

Gears of War: Reloaded aurkeztu dute The Coalition eta Xbox Game Studios taldeek. GeoW originalaren birmasterizazio —berria— abuztuaren 26an kaleratuko da askotariko hobekuntza grafikoekin.

Bideojokoak 20 urte beteko ditu 2026an, eta urteurrena ospatzea du helburu remaster proiektuak. 4K bereizmena, testura nahiz efektu hobeak, HDR zein VRR euskarriak, argiztapen eta gerizpe hobekuntzak, karga pantailen desagertzea eta gehiago agintzen ditu. FPSei dagokienez, segundoko 60 irudien tasa aipatu dute kanpainarako, eta, 120koa, multijokalarirako. Hobekuntza nabarmenak atal teknikorako, aurreko remasterra 1080p/60fps-etara baino ez baitzen iristen.

Modu horretara, 2015. urtean estreinatutako Gears of War: Ultimate Edition birmasterizazioaren eduki guztiak bilduko ditu Reloadedek aipatutako hobekuntzekin: kanpainaren atal gehigarria, multijokalari modalitateak mapa zein aukera guztiekin, eta gehiago. Tokiko multijokalariaz gozatu ahalko da, baina online atalari joko gurutzatua (crossplay) gaineratuko diote.

Plataformak aipatuta, ezustekorik handienetakoa alor honetan ikusiko dugu; halaber, GeoW: Reloaded Xbox Series eta PC gailuetan argitaratuko da, noski, baina, lehen aldiz, PlayStationen ere jokatu ahalko dugu, PS5erako bertsioa ere prestatzen baitabiltza. Aipatutako GeoW: Ultimate Edition erosita daukatenek doan jasoko dute Reloaded berria.

Gears of War: Reloaded abuztuaren 26an kaleratuko da Xbox Series, PS5 eta PC gailuetan.