Munduko kokalekuak asmatzera eramango gaitu. Partida lehiakorrak dira Steameko bertsioaren izarrak.

Steam plataformak GeoGuessr ezaguna gehituko du bere saltokira. Egileek jakitera eman dutenez, apiriletik aurrera eskuratu ahalko dugu, oraingoz, sarbide goiztiarrean.

Mundua esploratzea zein geografia eta kultura irakastea helburu duen festa edo puzzle jokoa da GeoGuessr. 2013an lehen bertsioa argitaratu zuen Anton Wallén garatzaileak: nabigatzaile bidez jokatzen da gaur egunera arte.

Mekanika nagusia ulerterraza da. Jokalariak, Google Street View erabilita, munduko ausazko txoko batean kokatzen ditu. Ikuspegi panoramikoan zehar mugituta, erabiltzaileek non dauden asmatu beharko dute, munduko mapan adierazita. Zehaztasuna eta abiadura baloratzen ditu jokoak, gehien gerturatzen dena sarituz.

Geografia ezagutza handia duten erabiltzaileei zuzenduta dagoela badirudi ere, beste ezaugarri batzuk ere kontuan hartzekoak dira GeoGuessrren jokatzerakoan; izan ere, guztiz galduta egon arren, irudian agertzen zaizkigun kartelak, seinaleak edo bestelakoak irakurrita, kokalekuaren gutxi gorabeherako ideia bat osa dezakegu.

Doako zein ordainpeko bertsioekin 85 milioi jokalari baino gehiago elkartu ditu jokoaren jatorrizko bertsioak. GeoGuessr Steam Edition-ekin, bestalde, beste publiko mota batengana hurreratzea da helmuga: early access fasean bi jokalariren arteko borroka lehiakorretan ardaztuko direla diote egileek.

Erabiltzaileek lortutako puntuazioaren arabera, maila desberdinak esleituko zaizkie. Harritzekoa izan daiteke, baina GeoGuessrrek dagoeneko baditu nazioarteko txapelketak: GeoGuessr World Championship zenbait urtez ospatutako ekimena da. Hala eta guztiz ere, taldekako lehia kasualak ere ikusiko ditugu apirilean kaleratuko duten bertsioan.

Sarbide goiztiarraren zergatiaren azalpenak irakurtzen hasita, ohiko hitzaldia aurkituko dugu: “Jokagarritasuna txukuntzea, ezaugarri berriak gehitzea eta erabiltzaileen feedbacka jasotzea” bilatzen dute garatzaileek. Garapenak aurrera egin ahala, “modalitateak, mapak edo ezaugarri lehiakorrak” gaineratuko dituzte.

GeoGuessr Steam Edition debalde eskainiko dute, baina mugatuta; hots, amateur mailan eta taldekako dueluetan nahi beste jokatu ahalko dugu. Modalitate lehiakorrean buru belarri sartzeko, baina, GeoGuessr Steam Pass-a erosi beharko da.

Oraindik argitaratze data zehatzik gabe, GeoGuessr apirilean sarbide goiztiarrean iritsiko da Steam saltokira.

 

Euskal bertsioaz ahaztu gabe

GeoGuessr Valve-koen etxera iritsiko da, bai, baina, bitartean, guk Euskal Herriko bertsioa daukagu. Atzo Game Erauntsian argitaratu genuen Tagzania kaleratu duela CodeSyntax enpresa eibartarrak: premisa berbera aurkezten digun euskarazko jokoa.

Kasu honetan, partida motzak dira nagusi: gehienez, bi minutu emango ditugu jokatzen egunean. Partida bakoitzean bi erronka ikusiko ditugu. Alde batetik, Euskal Herriko toki bat identifikatzea eskatuko zaigu; bestetik, mundu zabaleko kokalekua markatu beharko dugu mapan.

Tagzania herenegun estreinatu zuten Android eta iOS gailu mugikorretan. Gaur mantentze lanetan dabiltza: aplikazioan irakur daiteken mezu laburrean “arrakasta eta etena” ageri da, seinale ona.

Sustatu.eus atarian aditzera eman dutenez, "bi egunetan ia 10.000 lagun gehituta", lehia "eten" behar izan dute. Berrantolatu ondoren itzuliko direla diote, funtzioak zein azpiegitura hobetuta.