Lehia gogorra bizi izan da, baina hemen daude 2020ko GESarien emaitzak. Kategoria desberdinetan aniztasun handia nabaritu da, lan bikain askoren artean aukeratu ahal izan baita.
Urtea bukatzear dago, eta horrekin urteko bideo-jokorik onenak ezagutzeko unea heldu da. Orain ia bi aste Game Erauntsia elkartearen komunitateari bere iritzia emateko eskatu genion, eta asko izan dira 2020ko GESarietan parte hartzea erabaki dutenak.
Esan bezala, sariak hainbat kategoriatan desberdintzea erabaki genuen. Horietan edozein jokoren artean aukeratu ahal izan dute partaideek, eta beraz aniztasun handia ikusi dugu botoen artean. Urteko jokorik onena, indie onena, gehien esperotako jokoa… zer nabarmendu izan dute botoa eman dutenek.
2020a urte berezia izan da, eta baldintza zein oztopoengatik obra asko berandutu egin behar izan diren arren, egia da joko onena hautatzerako unean lehiakide asko egon direla; izan ere, aurtengo maila benetan altua izan da. Kontsolen belaunaldi baten bukaera ekarri du urteak, eta hori horrela, garatzaile asko eta asko izan dira azkenengo ahalegin hori egin dutenak belaunaldiari agurra joko bikain batekin emateko. Bagoaz beraz emaitzekin.
Komunitatearen 2020ko bideo-jokorik onena…
The Last of Us: Part II izan da! Naughty Dogek PlayStation 4rako garatutako azken lanak askotariko iritziak eragin ditu. Ellieren abentura ez da kritiketatik salbu egon, bai jokoarengatik zein garatzaileek jasan behar izandako gehiegizko lan kargarengatik. Halere, joko sakon eta sendoa eratzea lortu dute arduradunek: The Last of Us: Part II edozein bideo-jokozalek jokatu beharreko lana da.
Game Erauntsiako komunitateak argi dauka, eta botoen %25a lortuta hautatu du The Last of Usen jarraipena. Horren adibide bezala ditugu partaideek arrazoitutako erantzunak. “Helarazten duen gogortasuna asko sentitu dudalako. Pertsonaietaz oso kezkatuta nengoen etengabeko tentsioan. Bideojoko oso gutxik lortu dute hori nigan. Ez da agian guztiz borobila baina uste dut estudioa arriskatu egin dela traman nahiz kontatzeko eran. Bi ikuspuntuak jartzea ez da beti ikusten”, dio parte hartzaile batek Naughty Dogen lanari buruz.
Beste batek atal grafikoa eta narratiba nabarmentzen ditu: “Grafikoak ederrak iruditzen zaizkit, istorioa oso ondo garatua dago eta gainera bug gabekoa da edo ia bug gabekoa. Horrez gain misioak eta puzzleak oso ondo daude inplementatuak jokoan”.
Bigarren eta hirugarren postuak joko guztiz desberdinengatik partekatuta egon dira. Alde batetik hilabete honetan estreinatu den Cyberpunk 2077 daukagu. CD Projekt Reden jokoa are polemika gehiagotan murgildu da baina argi dago jarraitzaile asko dituela. Boto emaile batek adierazi duen bezala, “izan dituen arazoak izanda ere, daukan istoria, eta horren bide ezberdinak ikaragarrizko jokoa izatea egiten du”. Rol jokoak botoen %15a eskuratu du.
Kopuru berbera lortu du Nintendoren Animal Crossing: New Horizonsek. Herrixkak kudeatzeko jokoak arrakasta handia lortu zuen berrogeialdi garaian bideo-jokoen bidez etxetik irteteko aukera eskainita. “Urte hau pandemiaren urtea izan da; Animal Crossing: New Horizons bideojokoa pandemiaren ondorioz bizitako urteko hilabeterik gogorrenak aurre egiteko ezinbestekoa izan zen askorentzat”, aldarrikatzen du komunitateko kide batek.
Horiez gain partaideek Ghost of Tsushima, Doom Eternal, Ori and the Will of the Wisps eta Microsoft Flight Simulator bezalako jokoak bozkatu dituzte. Hemen duzue botoen portzentaia:
GESarietan urteko lanik onena hautatzeaz gain jatorri zehatz batzuetako jokoak ere saritu nahi izan ditugu. Horretarako ohiko generoetako obrak balioan jartzeko kategori orokorrak sortu ditugu.
Akzio eta abenturazko jokorik onena:
- Doom Eternal
- Spider-Man: Miles Morales
- Ghost of Tsushima
Lehenengo kategoria Akzio eta abenturazko jokorik onenarena da. Hemen irabazle argia dago komunitatearentzat: id Softwarek urte hasieran kaleratutako Doom Eternal ikusgarriak irabazi du botoen %45a eskuratuta.
Tiro jokoen saga ezagunenetakoaren itzulera ezin hobea garatu dute arduradunek, lan bizkor zein harrigarria prestatuta. Game Erauntsiatik Eternalen analisia idatzi genuen apirilean, eta bertan ere argi izan genuen shooterren erreferente berriaren aurrean geundela: “id Softwaren intentsitate handiko tiroketa biolentoek FPSak biziberritu dituzte; Doom Eternal generoko errege berrian bilakatu da”.
Rol jokorik onena:
- Yakuza: Like a Dragon/ Persona 5 Royal
- Final Fantasy VII Remake
- Genshin Impact
RPG onenaren kasuan irabazlea ez dago horren argi. Enpresa behintzat, bai: Segaren eskutik sortutako bi joko aukeratu ditu komunitatean rol jokorik onena bezala. Bakoitzak botoen %25a lortuta, Ryu ga Gotoku Studioren Yakuza: Like a Dragon eta Atlusen Persona 5 Royal daude lehen postuan.
Rol joko japoniarrak modu guztiz desberdinean irudikatzen dituzten lanak ditugu. Yakuzaren zazpigarren lanak beat ‘em up estiloa alde batera utzi du Dragon Quest bezalako JRPG klasikoen jostagarritasuna jarraitzeko. Mafiosoen dramak biziko ditugu, beti bezala istorio zoroak kontatzen dituzten bigarren mailako misioekin tartekatuz, baina oraingoan kolpeak txandakakoak izango dira.
Persona 5 Royal, berriz, 2016an kaleratutako jatorrizko P5en bertsio hobetua da: era guztietako aldaketak txikiak jasotzeaz gain pertsonaia, istorio eta erronka berriak gaineratzen dizkio Atlusen maisulanari, beraz ez da harritzekoa rol jokoen zaleen artean horren arrakastatsua izatea.
Indie jokorik onena:
- Hades/ Fall Guys: Ultimate Knockout
- Among Us/ Inmost
Oraingo honetan benetan lehia gogorra ikusi dugu. Ez dago inolako zalantzarik: indie jokoek indartsu jarraitzen dute. 2020ko joko esanguratsuenetako asko garatzaile independenteek sortutakoak izan dira eta behin eta berriz horien izenak entzun ditugu sareetan zein hedabideetan.
Beste batez lehen postua bi jokoren artean partekatu behar izan dugu. Alde batetik Hades entretenigarria daukagu. Supergiant Gamesen roguelike honek infernutik ihes egitera eramango gaitu Zagreo Hades jainkoaren semearen kontrola hartuta. Hiltzea saihestezina izango da, baina partida bakoitzaren ostean protagonistaren abileziak hobetu eta are urrunago iristea lortuko dute jokalariek. Bastion eta Transistorren garatzaileen lanik borobilenetakoa da Hades.
Bestalde, ezinbestekoa zen Fall Guys: Ultimate Knockout nabarmentzea. Mediatonicen jokoak azken hilabeteetan indarra galdu baldin badu ere, abendu hasieran hamar milioi ale saltzea lortu zuten Steamen bakarrik. Party royale honek minijoko desberdinetan parte hartzera eramango gaitu; helburua frogak gainditzen joatea izango da, galtzaileak kanporatu eta irabazle bakarra geratu arte.
Multijokalari onena:
- Among Us
- Animal Crossing: New Horizons
- Fall Guys: Ultimate Knockout
Jatorriz 2018an kaleratutako jokoa den arren, irabazlea ez da harritzekoa izan, lehia estua ikusi badugu ere. Urteak aurrera egin ahala jokalari kopurua handituz joan den lana dugu, marka guztiak hautsita hileroko jokalarien kopururik handiena lortu duen bideo-jokoa izatera iritsi arte.
Among Us aurtengo ezusteetako bat izan da: streamer talde bati esker ezagutzera eman eta mundu osoko PC eta mugikorretan instalatua izatera igaro da. Jokoa garatu zutenean InnerSloth hiru garatzailez soilik osatuta zegoen, eta halere industriaren gorenera iristea lortu dute multijokalari sinple zein dibertigarri bati esker. Iruzurtia harrapatzea (edo bere rola izatea) inoiz baino entretenigarriagoa izan da Among Usekin. Komunitatearen botoen %35a eraman du InnerSlothen jokoak.
Gailu mugikorretarako jokorik onena:
- Among Us
- Genshin Impact
- Castlevania: Symphony of the Night
Dibertsio maila horrek hurrengo saria lortzera ere eraman du Among Us. Izan ere, ez da inolako ezustekoa: Android zein iOSen jokoa doan eskuratu daiteke. Multijokalaririk onena dohainik jokatu daiteke, eta horri esker PCko jokalari kopurua arazorik gabe gainditu dute gailu mugikorretako jokalariek. Oraingoan botoen %50a eskuratu du Among Usek.
Komunitateak gehien espero dituen jokoak:
Bukatzeko, komunitateko kideei etorkizunean gehien espero duten jokoa adierazteko eskatu diegu. Lehen esan bezala 2020ak joko bikainak eskaini dizkigu, baina belaunaldi bat bukatuta, joko benetan interesgarriak daude sistema berriei begira. Ez hori bakarrik: dagoeneko iragarritako bideo-jokoen artean saga ezagunen jarraipenak daude. Edozein zale desiratzen dago lan horiek eskuratzeko.
Emandako erantzunen artean gehien aipatutakoa bideo-jokoen saga ospetsuenetako baten atal berria aurkitzen da. The Legend of Zelda: Breath of the Wilden jarraipena, hain zuzen ere. Nintendok orain urte eta erdi iragarri zuen trailer batekin baina ordutik hona ez du berri gehiago izan. Izen ofizialik ere ez dauka oraindik Link eta Zeldaren abentura berriak, baina jarraitzaile kopuru izugarria dute atzean eta ez da harritzekoa: aurreko jokoa azken urteetako jokorik esanguratsuenetakoena izatera iritsi da.
Jarraian galduta dabilen beste lan bat izan dugu. From Softwarek BotWen jarraipena iragarri eta egun bat beranduago argitaratu zuen Elden Ringen lehen trailerra. Hidetaka Miyazaki Dark Soulsen sortzailearen eta George R.R. Martin Game of Thronesen idazlearen arteko elkarlana ikusteko gogotsu daude bideo-jokozaleak. Itxaroten jarraitu beharko da, japoniarrek patxadaz hartu baitute jokoaren garapena.
Horiez gain God of Warren PlayStation 5erako joko berria, Halo Infinite eta Ark 2 bezalako lanak aipatu dituzte komunitateko kideek. Esan bezala, argi dago komunitatea dagoeneko ezagunak diren jokoen atal berrien zain dagoela!
Eta zozketaren irabazlea…
Ez gara zozketaz ahaztu! GESarietan parte hartzen zuten guztien artean bideo-jokoak erosteko 30 euroko opari txartela zozkatuko genuela agindu genuen… eta hemen dago irabazlea.
Superandoni erabiltzaileak eraman du oparia, zorionak! Laster jarriko gara harremanetan zurekin zein plataformatarako txartela nahi duzun zehazteko.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu parte hartzera animatu zareten guztioi. Espero dezagun datorren urtean are lehia gogorragoa bizitzea, are joko bikain gehiago kaleratu direnaren seinale! Ondo bukatu 2020a eta are hobeto hasi 2021. urtea. Hurren arte!
Iruzkinak