Kategoria desberdinak prestatu ditugu: abenduaren 31ra arte bozkatzeko aukera egongo da. Opariak zozkatuko ditugu!

2022a sekulako urtea izan da bideojokozaleentzat. Ez da harritzekoa: garai eskasagoak atzean utzita, atzerapenak eta berandutzeak jaso dituzten hainbat eta hainbat titulu estreinatzeko unea izan da. Horren eskaintza zabala ardatz hartuta, urteko errepasoa egiteko unea da; hemen dator Game Erauntsia Sarien 2022ko edizioa!

Zeintzuk izan ote dira euskal bideojokozaleen komunitatearentzat urteko bideojokorik onenak? Galdera horren erantzunaren zain gabiltza Game Erauntsiatik; hori argitzeko, baina, zuon partaidetza ezinbestekoa izango da! Beti bezala, inkesta prestatu dugu: kategori desberdinetan banatuta aurtengo bideojokorik esanguratsuenak bildu ditugu.

Ohiko kategoriak aurkituko dituzue inkestan: urteko jokorik onena, indie onena, akzio eta abenturazko jokorik onena edo multijokalari onena dira, besteak beste, prestatu ditugunak.

Badakigu, ez da erraza izango hautagaien artean aukeratzea; aipatu modura, aurtengo jokoen eskaintza benetan aparta izan da. Elden Ring, God of War: Ragnarök, Sifu, Bayonetta 3, Vampire Survivors, Horizon Forbidden West, A Plague Tale: Requiem, Tunic, Neon White, Cult of the Lamb… a ze urtea, benetan.

 

Etxekoak nabarmentzea helburu

Zelan ez, iaz gehitu genituen bi kategoria garrantzitsu ere itzuli dira 2022an: euskal jokorik onena nahiz euskaratzerik onena. Asko izan dira Euskal Herriko garatzaileen eskutik jaso ditugun bideojokoak; egia da zenbait 2023ra berandututa ikusi ditugula, baina aurten Barraka, Evil Nun: The Broken Mask, Rivalia: Dungeon Raiders, Narona Sports, Adur Azken Erronka, Arclight Beat eta beste hainbat euskal obra jaso ditugu.

Lokalizazioen aldetik bai, ikaragarrizko urtea izan da 2022a. Inoiz baino euskaratze gehiago argitaratu dira aurten —32, guztira!—: zaleen komunitateak nahiz garatzaileek sekulako lana egin dute beren bideojokorik kutunenak gure hizkuntzan gozatu ahal izateko. Hori horrela, guztiei azken aipamena egin, eta, aldi berean, gustukoen izan dituzuen itzulpen lanak nabarmentzea bilatzen dugu GESariekin.

Bukatzeko, etorkizunera begira ere jarri nahi gara. Horretarako, gehien espero duzuen bideojokoa ezagutu nahi dugu: datozen urteotan estreinatuko diren lanik interesgarrienen zerrenda prestatu dugu. The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom, Final Fantasy XVI, Starfield, The Elder Scrolls VI, Tekken 8 eta Hogwarts Legacy dira, beste hainbat hautagaien artean, bildu ditugunak.

Hori bai, kategoria gehienetan guk bildutako zerrendatxoa ikusiko duzuen arren, ez duzue zertan horien artean aukeratu behar. Antzeko beste ekimen handietan zerrenda itxiak egotea kritikatu ohi dugu, eta ez dugu gauza bera gertatzea nahi. Hori dela eta, zuok gura duzuen bideojokoa hautatzeko aukera edukiko duzue; aurtengoa izan dadila, bestela ez dugu botoa kontuan hartuko!

Game Erauntsia Sarien irabazleak 2023 hasieran iragarriko ditugu. Esan bezala, gaurtik hasita abenduaren 31ra arte duzue zuon hautagiak aukeratzeko. Bozka ezazu hemen!

 

Eta opariak urtea bukatzeko!

Urtero egin modura, parte hartzaileen artean opariak banatuko ditugu! Aurten 20 euroko bi opari txartel zozkatuko ditugu inkesta modu egokian bete dutenen artean; irabazleek hauta dezakete txartela zein plataformatarako nahi duten.

Sarituak bideojokoen irabazleekin batera ezagutzera emango ditugu datorren urte hasieran!

 

Batu zaitez Game Erauntsiara!

Zerrendan aipatutako bideojokoren batek interesatzen badizu, edo hauei buruz sakon hitz egiteko gogoak badituzu, gogoratu Game Erauntsia webgune hau baino askoz zabalagoa dela. Bideojokoei buruz eztabaidatzeko, elkarrekin jokatzeko, eta, orokorrean, zaletasun honetaz euskaraz gozatzeko talde desberdinak ditu euskal bideojokozaleen komunitateak!

Lehenik eta behin, gure Telegram taldea aipatu beharra dago. Bertan jo eta su ibiltzen gara industriako azken berriei buruz hitz egiten, jokoak gomendatzen edo bitxikeriak partekatzen, baita Twitch-eko euskarazko zuzenekoak zabaltzen ere. Talde orokorraz gain, beste hainbat lanetarako bilguneak ditugu: esate baterako, itzulpenekin laguntzeko txata.

Bigarrenik, ezin dezakegu gure Discord zerbitzaria kanpoan utzi. Eztabaidarako lekua dagoen arren, partidak antolatzeko tokirik aproposena da: bertan multijokalari bideojokorik ezagunenentzako taldeak aurki ditzakezu.

Hirugarrenik, Game Erauntsiaren sare sozialak aipatu behar ditugu. Mastodon, Instagram, Twitter zein Facebook plataformetan gaude: bertan gure blogeko azken artikuluak zabaltzen ditugu, baita gure ekimenen berri eman ere! Gainera, Twitch eta Youtube plataformetan aurkituko gaituzu zuzenekoak egiten eta bideoak igotzen!

Bukatzeko, ezin gaitezke ahaztu Game Erauntsia irratsaioaz! Naiz Irratiaren bideojokoen saioa entzuteko —eta ikusteko— hainbat bide daude. Denboraldi guztien bideoak Youtuben ditugu, baina irratsaioak Naiz Irratiaren webgunean, zein SpotifyIvoox eta Apple Podcasts plataformetan entzun ditzakezu!

Hau guztia esanda, agurtzeko unea da. Ondo bukatu urtea eta gozatu oporrez: asko jokatu eta gozatu! Eskerrik asko 2022an gurekin izan zareten guztioi!