Sonyk Playstation 4rako garatuko duen azken bideojoko handia izango da. Uztailaren 17an kaleratuko da samuraien akziozko abentura.
Sucker Punch garatzailea lantzen ari den Ghost of Tsushima laster estreinatuko bada ere, Playstation 4rako obra interesgarri honen xehetasun gutxi iragarri dituzte bideojokoaren arduradunek. Hori aldatzeko asmoarekin Sonyk samuraien abentura ardatz hartu duen State of Play zuzenekoa emititu du.
18 minutuko emisioak Ghost of Tsushimaren atal ezberdinetan sakontzen du. Tsushima irlako esplorazioak izango duen garrantzia nabarmenduz hasi dira.
Bisitatzeko kokalekuz betetako mapa erraldoia izango dugu; horiek markatuta bidea ez da minimapa batean azalduko. Haizeak gidatuko du jokalaria, baita animaliek ere: irlako fauna sekretuak aurkitzeko bide ezin hobea izango da. Naturaz betetako Tsushima oinez edo zaldi gainean esploratu daiteke, eta bideoan argi geratzen denez atal grafikoa bikain zaindu dute.
Samuraiaren edo ninjaren bidea
Borrokak azaltzeko ere aprobetxatu dute State of Playean. “Samuraien filmak ikusi badituzu, badakizu zer datorren”, diote harro Sucker Punchekoek. Akira Kurosawaren obretan gertatu modura borrokak pazientziarekin hartu behar dira, baina konturatu orduko bukatu egingo dira. “Energia ezin da alferrik xahutu, eraso bakoitza bere helmugara iritsi behar da”. Jin Sakai protagonistak kolpe batez akatuko ditu arerioak, hauek lehenengo mugimendua egitera itxarongo duen arren.
Protagonista samuraia bada ere, ezkutuan aritzeko erabakia hartu ahalko du jokalariak: ninjaren bidea jarraitzen du Sakaik, eta etsaien artetik isilpean igarotzeko baliabideak edukiko ditu. Katanarekin batera beste hainbat arma edukiko ditu Sakiak eskura: arkua edota kunaiak, esaterako. Petardoak erabilita distrazioak eragiteko aukera egongo da, eta nola ez, isilpeko hilketak gauzatuko ditu Sakaik.
Samuraiaren eta ninjaren ibilbideak jokalariaren eskuetan jarrita bakoitzak gustukoen duen jokatzeko estiloa bilatzea nahi dute garatzaileek. Protagonistaren itxura aldatzeko erropak ere egongo dira, eta horiek jokatzeko estiloan ere eragina edukiko dute. Esploratzerakoan lortuko ditugun baliabideekin Sakairi ahalmen bereziak emango dizkioten omamori edo talisman japoniarrak sortuko dira.
Argazkiak ateratzeko aukera ere nabarmendu du Sucker Punchek. Sortzen ari diren mundu ederra irudietan harrapatzeko hainbat baliabide emango dituzte Photo Modearekin. Horrekin batera filtro zuribeltza aipatu dute: joko guztia samuraien film klasikoak gogorarazten dituen filtroa erabilita jokatu daiteke.
Ghost of Tsushima Playstation 4ak Sonyren eskutik jasoko duen azken bideojoko handia izango da. Uztailaren 17an kaleratzea aurreikusten dute arduradunek.
Iruzkinak