Ezo-ko eskualdera —Hokkaidō irlara— joko dugu mendeku bila. Urriaren 2an hasiko da bere abentura.

Sucker Punch eta PlayStation taldeek Ghost of Yōtei handiaren State of Play aurkezpena prestatu dute. Ia hogei minutuko emanaldian jokagarritasunaren ezaugarriak eta berritasunak erakutsi dituzte, Atsuren bidaia sakontasunean aurkeztuz.

1603. urteko Ezo eskualdea —hau da, Japonia iparraldeko Hokkaidō irla— zeharkatuko dugu Atsuren familia akabatu zuten Yōteiko sei zitalen bila. Mundu irekiko abenturak zeregin ugari eta sekretu mordoa eskainiko ditu, halre.

Herritarrek gure protagonista Onryō izakia dela uste dute: mendeku bila dabilen mamua, alegia. Hori istorioan zehar hedatzen joango da, gure helburuen kokalekua aurkitzeko aztarnen bila gabiltzala arerioak interrogatzeko aukera edukiko baitugu. Egindako galderen arabera, misio berriak zein bestelako zereginak desblokeatuko ditugu, bidean Atsurentzako abileziak lortuta.

Aztarnek karta itxura hartuko dute menuetan: hauek mapan kokatuko ditu Atsuk, eta gure esku egongo da nahi dugun bidea jarraitzea Yōteiko seietako baten bila jotzerakoan. Hauek akabatzea izango da helburu nagusia, bai, eta, horrekin batera, istorioak aurrera egingo du: protagonistaren buruagatik eskainitako ordainsariak gora egingo du, eta are maltzur gehiago izango ditugu atzetik.

Guk ere ordainsarien bila jo dezakegu, behintzat: bigarren mailako misiotzat funtzionatuko dute herrixketan aurkitzen ditugun kartelek, baina hauetan ere gure kontu esploratu beharko dugu gaizkileak aurkitu nahi baditugu; bestela, kartografoek prestatutako mapak eros ditzakegu.

Borroketan armategi zabala edukiko du Atsuk: katana erako ezpata, lantza, kusarigama igitaia, odachi ezpata luzea zein aldi berean bi ezpata erabiliko ditu. Arma bakoitzarekin estiloz aldatuko dugu edonoiz, arerioen ahulguneak ustiatzeko tresna egokia bilatu behar izanik.

Ekipamendu eta abilezia sorta aldetik ere ez da motz ibiliko Ghost of Yōtei: gure estatistikak areagotzeko armadurak, eraso bereziak egiteko mugimenduak zein bestelako ohiko elementuak lor ditzakegu Ghost of Tsushima sarituaren jarraipenean.

PlayStation 5 kontsolan estreinatuko da Ghost of Yōtei: urriaren 2tik aurrera jokatu ahalko dugu. PS5 zein DualSense aginte berezia jasoko ditu egun berean.