Ghost of Tsushima arrakastatsuaren jarraipena garatzen ari da Sucker Punch estudioa. Japoniako iparraldera bidaiatuko dugu protagonista berriarekin.

PlayStationek Ghost of Yōteiren argitaratze data baieztatu du. Urriaren 2an PS5 kontsolan kaleratuko da mundu irekiko abentura.

Atsu protagonista bidaia azaltzen digun bideo berriarekin egin dute iragarpena. Bertan premisa nagusia aurkeztu digute: Yōtei mendiko seirek osatzen duten taldea akabatu beharko du, bere familiaren hiltzaileak, alegia. AEBetako western filmeen kutsua badauka ere, Japonia iparraldean girotuko da, Ezo (Hokkaidō) irlan, zehazki.

1603. urteko Japonia ikusiko dugu; aurreko jokoan azaldutako istoriotik 329 urte igaro dira, beraz. Ghost of Tsushimaren jarraipenak lehen jokoaren oinarri guztiak mantenduko ditu: ekintzaz betetako mundu irekia zeharkatuko dugu hainbat misio nagusi betetzeko. Mendiak, Ainu herrixkak, gaztelu japoniarrak, basoak eta askoz gehiago bisitatuko ditugu. 

Askatasuna areagotu dutela aipatzen dute egileek; hori dela-eta, gure helburu nagusiak nahi bezala jarraituko ditugu, hiltzaileak bilatzeko aztarnak jarraituz.

Dueluetan tresna sorta eta armategi zabala erabiliko du Atsuk. Katanekin batera lantzak, kusarigama igitaiak, gantxoak zein bere otso leiala izango ditugu eskura borroketarako. Atal grafiko harrigarriarekin batera, aurtengo PlayStationen bideojokorik handienetakoa izango da Sucker Punchena.

Aipatu modura, urriaren 2an PS5ean ikusiko dugu Ghost of Yōtei.