Snowblind estudio japoniarra ordenagailuetarako garatzen ari da: pertsona bakarrak osatzen du.
Bideojoko bitxi zein interesgarriarekin agertu da Kei Shibuya garatzaile japoniarra. Glaciered abenturan Tuai deitutako txori itxurako izaki baten rola hartuko dugu itsaspean gelditu den planeta esploratzeko eta borroketan parte hartzeko.
Horrela, urpean ziztu bizian ariko gara Tuairekin kobazuloak eta arrainez betetako inguruneak zeharkatzeko. Era batean, ABZU bezalako lanak gogora ekartzen ditu —edo The Legend of Zelda: Majora’s Mask-eko Zora atalak—: joko lasaia dela ematen du trailerreko lehen segundoak ikusita. Girotze aldetik etorkizunera bidaiatuko dugu: 65 milioi urte barruko Lurra bisitatuko dugu.
Guztia aldatzen da, ordea, borrokak hasterakoan. Gorputzez gorputzeko mugimenduak dira nagusi, baina urrunetik erasotzeko aukera ere edukiko du gure protagonistak. Marrazoen eta bestelako pizti erraldoien aurka ariko gara nagusiki. Zone of the Enders sagaren bertsio arraroa dela pentsa dezakegu: Hideo Kojimaren jokoetako dueluen antza daukate Shibuya garatzen ari den titulukoak.
Izan ere, Shibuya bakarka ari da Glaciered garatzen —zalantzak eta misteriotxoak daude horren inguruan, halere—. Sortu berri duen Snowblind estudioaren lehen lana izango da beraz. Garatzaileak hainbat urte eman ditu bidejokoen industrian lanean, beraz esperientzia aldetik soberan ari da: programatzailea zein artista teknikoa izanik, hainbat tituluren efektuetan eta interfazeetan lan egin du; ez hori bakarrik, ekoizle kargua hartutakoa ere bada.
Dioenez, estudioarekin bere “esperientzia generoaren originaltasunari eta nortasunari ohore egiten dieten bideojoko independenteak argitaratzea” da helburu nagusia.
Argitaratze datarik gabe, Glaciered momentuz PCrako iragarri du sortzaileak: Steam saltokian orrialde propioa dauka jadanik.
Iruzkinak