Munstro bilakatzeko aukerak areagotzeaz gain, ehiztari bihur gaitezke orain. Beldurrezko immersive sim abenturak ez dauka kaleratze datarik.

Indie bideojokoen ingurugiroan jarraitzaile ugari dituen Gloomwood interesgarriak eguneratze handia jaso du. Besteak beste, esploratzeko mundu zabala aldatzen eta eboluzionatzen dihardu Dillon Rogers egileak, sarbide goiztiarra are gehiago txukunduta.

Girotze viktoriarra daukan hiri ilunean harrapatuta aurkituko dugu gure burua Gloomwooden. Lovecraft idazleari horrenbeste gustatzen zitzaizkion madarikazioak eta munstroak aurkituko ditugu bertatik; gure helburua, zer gertatzen ari den ikertzea, bizirautea, eta ihes egitea izango da.

Abiapuntua erakargarria bada ere, egun geroz eta gutxiago ikusten dugun immersive sim generoko jokoa da New Blood indie argitaletxearena. Hortaz, esplorazioa, isil gordeka aritzea, ikertzea, sekretuak argitzea zein ahalik eta baliabide gehien biltzea proposatuko digu abenturak lehen pertsonako ikuspegian, aldez aurretik Deus Ex, Dishonored edo Prey maisulanek egin bezala.

The Research izeneko adabaki sortaren bigarren atala da aurkeztutakoa. Steam-eko jokoaren orrialdean irakur daitekeenez, gaurkotzeak denetariko berritasunak dakartza. Hasteko, aurreko eguneratzearekin abiatutako ikerketa sistema hobetu dute: orain, lehenago has gaitezke ikerketekin, eta, ez hori bakarrik, serum dosi gehigarriak erabil ditzakegu.

Serumokin munstro desberdinetan bilaka gaitezke, euren abileziak lortuz nahiz beste piztien ondotik arazorik gabe igarotzeko aukera edukiz. Adabakiarekin, baina, Gloomwooden aurkituko dugun izakirik arruntenaren itxura hartzeko seruma gehitu dute: ehiztarian (huntsman) bihur gaitezke, bizitza edonondik antzemateko ahalmena eskuratuta.

Gainera, ikerketekin gure pertsonaiak behin betiko lortuko dituen abilezia pasiboak desblokea ditzakegu; adibidez, ehiztariaren ahalmenetako bat arerioen buruan tiro eginda eraso kritikoak burutzea da, baina Crowman, Bat Barber zein Goatman piztientzako pasiboak ere gehitu dituzte.

Adabakiarekin jarraituz, mundua eraldatzen joango da abenturan aurrera egin ahala. Egileak dioenez, hasierako guneetara itzultzerakoan eguraldia, musika zein argitazpena aldatuko dira orain, eta bestelako moduetan ere eboluzionatuko du Gloomwooden munduak.

Etorkizunera begira, The Research sortaren hirugarren atala prestatzeari ekingo dioela azaldu du Rogersek, baina Hightowne guneko teilatuak aurkezteko asmoa ere badauka.

Gloomwood 2022an estreinatu zen sarbide goiztiarrean. Balorazio bikainak eskuratu ditu jokalarien aldetik, baina oraindik bide luzea dauka aurretik; izan ere, garatzaileak ez du kaleratze datarik zehaztu oraingoz. PCan joka dezakegu early access fasean.