“Elkarrekin batuta” gaiaren inguruan eratu behar izan dira bideo-jokoak. 60. postuan geratu da Zomorro Studio-ren Arroxa proiektua.

Mark Brown eduki sortzailearen Game Maker’s Toolkit YouTube-ko kanalean bideo-jokoen garapenean, diseinuan eta mekaniketan sakondu ohi da. Azken urteetan lortutako arrakastaren ondorioz garatzaile asko dira Brownen iritziak eta analisiak jarraitzen dituztenak, eta hori aprobetxatuta GMTK Game Jam ekimena sortu zuen 2017an. Hutsik egin gabe igaro da 2021eko jarduera, eta aurten 5.883 proposamen aurkeztu dira guztira.

Game Jam ekimenak garatzaileen arteko topaketak izan ohi dira; elkar ezagutu eta ikasteko erabili ohi dituzte bideo-jokogintzan hasiberriek zein beteranoek. Helburu nagusia bideo-joko bat -edo gehiago- epe motzean sortzea izaten da gai baten inguruko ideiak eratuta bakarka edo taldeka, eta genero zein estilo guztietako jokoak ikusten dira bertan.

GMTK Game Jam 2021 ekimenean proposatutako gaia “elkarrekin batuta” izan da, eta ideia hori buruan hartuta sortu behar izan dituzte beraien joko txikiak garatzaileek 48 orduko epean. Erabiltzeko eduki eta materialak bakoitzaren esku egon dira: baldintza bakarra arte eta soinu fitxategiak legalki erabiltzeko baimena edukitzea zen.

Baldintza horiekin milaka proiektu sortzeari ekin zioten bideo-jokogileek ekainaren 11n. Guztiak bukatuta eta aurkeztuta, onenak hautatzeko unea iritsi zen; jokalarien esku geratu zen botoa eman eta beraien jokorik gustokoenak aukeratzea. Brownek hiru irizpidiren artean baloratzeko aukera eskaini du: aurkezpena, originaltasuna eta dibertsioa. Horien batezbestekoarekin puntuazio orokorra eman zaie jokoei Game Jamaren baitan.

Maitatutakoen heriotzak eragiten dituen ondorioak lantzen duen Mom plataforma jokoa, lantegiak letrekin batzen dituen Factori edota puzzle elektrikoak proposatzen dituen Static Cling izan dira botoa eman dutenen artean txapeldunak. Brownek berak jokatutako lanen artean 20 gustokoenak aukeratu ditu, ondoren horiek bideo batekin ezagutzera emateko.

Proposamenen artean obra euskaldunak egon dira. Zomorro Studioko Ibai Aizpurua garatzaileak Arroxa deitutako stop motion joko ederra eratu du Game Jam honen baitan. Bertan izaki arrosak kontrolatu behar dira, elkarren artean batuta etsaiei erasotzeko. Aizpuruaren obra dibertigarria 60. tokian geratu da GMTK Game Jamean, aurkezpen aldetik 16. postua lortuta.

Arroxa zein gainerako joko guztiak ekimenak Itch.io webgunearen baitan prestatutako zerrendan aurkitu daitezke. Batzuk nabigatzailean bertan gozatu daitezke, eta gainerakoak doan jaisteko aukera dago frogatzeko.