Kratosen hurrengo abentura 2022ra berandutu dutela iragarri dute ofizialki. PCko ekosisteman lanean jarraitzeko asmoa agertu dute.

PlayStation Blog webgunean Hermen Hulst PlayStation Studioseko buruari egindako elkarrizketan Sonyren kontsoletarako hurrengo bideo-joko handien inguruko berritasunak eman dituzte. Jorratutako gaien artean generazio arteko bideo-jokoena egon da: izan ere, God of War sagako atal berria zein Gran Turismo 7 PlayStation 5 kontsolan argitarazeaz gain, PlayStation 4rako ere prestatzen ari direla baieztatu du Hulstek.

PS4ko komunitate erraldoia “ez baztertzeko” asmoarekin hartutako erabakia dela aldarrikatu du PlayStationen estudio propioen buruak. “PS4rako zein PS5erako bideo-joko bat garatzeak zentzua daukanean, hori kontuan hartzen jarraituko dugu”, adierazi du irmotasunez. “PS4ko erabiltzaileek joko horietara jokatu nahi badute, aukera hori edukiko dute. PS5eko bertsiora jokatu nahi badute, gauza berbera egin ahalko dute”.

Polyphony Digitaleko garatzaile japoniarrek Gran Turismo 7 datorren urtean argitaratuko dutela baieztatu zuten orain hilabete batzuk. Urte honen bukaerarako iragarrita bazegoen ere, God of Warrekin gauza bera gertatuko dela adierazi dute Santa Monica Studiosekoek: Kratosen hurrengo abentura handia 2022ra atzeratu dute PlayStationekoek.

“Kalitate goreneko bideo-joko bat eskaintzeko zentratuta jarraitzen dugu”, azaldu dute sare sozialetan. Hala ere, “taldearen, sormen lankideen eta horien familien osasuna eta ongizatea mantentzen” jarraitu nahi dutela diote, eta hori ziurtatzeko “argitaratze data 2022ra aldatzea” erabaki du Santa Monica estudioak.

 

PlayStation Studios indartzen

Bi joko horiez gain PlayStation Studios osatzen duten beste garatzaileek esku artean dituzten proiektuei buruz mintzatu da Hulst.

IP berrien garrantzia nabarmendu nahi izan du arduradun nagusiak. Frankizia guztiz berrietan lan egiten ari diren garatzaileen artean Bend Studio dagoela baieztatu du elkarrizketan. “Bend Studiokoak pasio handiz lanean ari dira IP zirraragarri berri batean”. Days Goneko arduradunak bertan eratutako mundu irekiaren oinarriez baliatzen ari dira obra berria sortzerako orduan.

Tokion Team Asobi deitutako estudioa sortu dutela adierazi du baita Hulstek. PlayStation 5arekin batera estreinatu zen Astro’s Playroom arrakastatsuaren arduradunak dira horiek, eta estudioa indartu nahi dute Sonykoek. Hori horrela, orain gutxi desagertutako Japan Studio ezaguna berpiztu egingo dutela dirudi. Hulstek ez du zehaztu zertan ari diren lanean Asobikoak.

PCrako portekin jarraitzeko asmoa ere agertu du PlayStation Studioseko buruak. Horizon Zero Dawnekin hasi eta Days Gonekin jarraitu dute orain gutxi, eta PlayStationen barne dokumentu batean filtratu denez, hurrengoa Naughty Dogen Uncharted 4 bikaina izango da ordenagailuetara iritsiko dena.

Dena den, PCko jokalariek itxaron egin beharko dute PlayStationeko jokoak ikusteko. “PlayStationek lekurik onena izaten jarraituko du PlayStation Studiosen jokoak argitaratzen direnean gozatzeko”.