“Pazientzia” eskatu du Sony Santa Monica taldeak: 2027ko otsailaren 16an estreinatzea zeukan aurreikusita.

PlayStationen hurrengo titulu handia geroratu da. God of War Laufey maiatzaren 20an ikusiko dugula iragarri dute arduradunek.

Uztailean adierazi zuten 2027ko otsailaren 16an merkaturatzeko asmoa. Laster batean atzera egin dute, ordea, zaleei “pazientzia” eskatuta. Sare sozialetan zabaldutako prentsa oharrean diotenez, “badakite estudio gainean jarritako konfiantza ez dela aitortutzat onartu behar”. Denbora gehigarria azken unera arte aprobetxatuko dutela diote.

Egia esan, urte hasiera nahiko beteta zetorren. Fable edo Persona 4 Revival bezalako erraldoien gainetik egon daiteke God of War saga, baina Grand Theft Auto VIren itzala ere oraindik luzea izango da 2027 hasieran; batek baino gehiago dioenez, garapena lasaiago hartzeko zein erosoago estreinatzeko hartutako erabakia izan daiteke.

Ekainean ezagutu genuen Kratos gabeko God of War, nahiz eta zurrumurruek aspalditik aurreratzen zuten. Faye izango da protagonista berria; hau da, azken sagan dagoeneko zenduta ezagutu genuen Kratosen emazte eta Atreus-en ama. Jainkoen heriotza osteko bizitza esploratuko du abentura berrian Everywhen erresumako arriskuei eta jainkoei aurre eginez.

Jokagarritasun aldetik berrikuntza txiki baina esanguratsuak ikusiko ditugula dirudi. Eskandinaviar sagako bi God of War jokoen oinarriak mantentzen dira: sorbaldako kamera, atal estetikoa zein borroka mekanikak berreskuratuko ditu Laufeyk. Hala ere, dinamika bizkorragoak eta ikusgarriak espero dira, Faye protagonistaren mugikortasunak bideratuta.

PlayStation 5eko esklusiboa izango da God of War Laufey. Maiatzaren 20an jokatuko dugu, dena ondo badoa.