2018. urtean estreinatutako God of War jarraipen eta berrabiatze berezia da. Kratos odoltsuaren PlayStation 2, PlayStation 3 eta PSP kontsoletako abentura maitatuak jarraitzen zituen, bai, baina jokagarritasuna, eta, are garrantzitsuago, arima zein bihotza eraldatuz.
Zigortutako eta atsekabetutako Kratos lurralde eskandinaviarretan aurkitu genuen PS4rako, eta, ostean, PCrako argitaratutako jokoan. Argi izpitxoa zeukan berarekin, zorionez: Atreus semearekin batera erresuma desberdinak zeharkatu genituen bideojokoen olinpoan kokatzera iritsi zen tituluan.
Istorioa bukatu gabe geratu zenez, bagenekien jarraipena jasoko genuela. 2022an iritsi zen PS5era eta PS4ra; aurten, PCra. God of War: Ragnarökek bere aurrekariaren oinarri guztiak hartzen ditu duela urte batzuk aurkeztutakoa handitzeko eta hobetzeko asmoarekin.
Gerra eta suntsipena
Izenburuak argi adierazten duen bezala, Ragnaröka dator: munduaren amaiera eta berpizkundea, eskandinaviar mitologiaren arabera. Midgard erresuman aurreko atalaren bukaeran ikusten hasi ginen elurtea nagusitu da, bazter guztiak izoztuz: Fimbulwinter negua, alegia. Kratos, Atreus —nerabea orain— eta Mimir ezkutuan bizi dira, egindakoen ostean jainkoen arreta erakarri nahi gabe… ez dute denbora luzez lortuko, noski.
Jokagarritasun eta mekanika aldetik ez dugu aldaketa handirik nabariko. Hirugarren pertsonako ikuspegiarekin, akzioz gainezka egiten duen abentura biziko dugu, tartean esplorazioa, puzzleak eta istorio zinematiko ikusgarria uztartzen dituelarik.
Harremanak
Ragnarök aurkeztuta, sar gaitezen mamian. Biolentzia nagusi da jokoan, baina, beste behin, deserosoa eta saihestekoa dela erakusten digute. Kratos ez da antzinako gudaren jainkoa, aldatutako gizona baizik, eta semearekin sortutako harremanak beste ikuspuntu batzuez jabetzeko balio izan dio. Protagonistek erabateko pisua hartzen dute oraingoan, aurrekoan baino gehiago: aitaren eta semearen erabakiek gidatzen dute istorioa, behin eta berriz adierazten diguten bezala. Patua ez da aldaezina.
Denbora luzea emango dugu euren zein gainerako pertsonaien ideiak, sentipenak eta ikuspegiak entzuten. Asko sakontzen dute Sony Santa Monica taldekoek honetan: zinematiketan zein borroketan, baita mundua esploratzerakoan, isildu gabe ariko dira gure protagonistak euren asmoei, helburueri, iraganari eta etorkizunari buruz hitz egiten. Hizketaldi interesgarriak izaten dira oro har, akzioz betetako istorio epikoa hiru dimentsionala bilakatuz, eta, askotan, umore puntu aproposa emanda. Heldutasuna dario jokoari, ordea, eta benetan eskertzen da.
Aita semeen harremana da jokoaren zutabe nagusia. Nork esango luke God of War batetik gehien gustatuko zitzaidana Kratosen eta bere semearen arteko unerik ederrenak izango zirela. Zalantzarik gabe, saga hurrengo mailara eramateko gakoa da; atzean geratu zaigu gaur egun gorrotagarria egin daitekeen jainko hura.
Jazoera benetan zirraragarriak bezain ederrak biziko ditugu. Kratosen istorioa hasiera batetik jarraitu dugunontzat, ikaragarriak: jokoa txaloka eta negar zotinka bukatu dudala aitortu beharra daukat, a ze nolako bidaia izan den. Aita semeekin batera ezagutuko ditugun pertsonaiak ere maitatzekoak dira, heroiak ala bilauak izan. Sekulako kalitatea erakusten dute hizketaldi zein akziozko eszena luzeek: nahiz eta PS4an joka dezakegun titulua izan, gaur egungo atal grafikorik ikusgarrienetakoa dauka, zalantzarik gabe.
Jainkoen boterea
Borroketan, baina, betikoagatik maitatuko dugu Kratos. Sarraski odoltsuak biziko ditugu berarekin Leviathan aizkora, kaosaren ezpatak eta beste hainbat arma erabilita, aukera mordoa egongo baitira gure eskura. Adi eta azkar ibili beharko gara estrategiaz aldatzen, etsaien ahulguneak ezagututa; zorionez, gurekin batera dabiltzan adiskideek uneoro lagunduko digute, akatsak zuzenduz.
Sua, izotza, haizea, eztandak, soinua, errunak, magia arinak zein indartsuak, konbo hilgarriak, haserre espartarrak, saihesteak, kontraerasoak… Ahalmen eta abilezia mordoa ditugu eskura. Gehiegi. Jokoaren bukaerarantza joango gara gure ekipamendu guztia behar bezala erabiltzen ikasten. Guztiak ‘klik’ egiten duen une hori zoragarria da, eta, ordura arte gozatu ditugun borrokak maila goreneraino iristen dira.
Biolentzia nagusi da jokoan, baina, beste behin, deserosoa eta saihestekoa dela erakusten digute. Kratos ez da antzinako gudaren jainkoa, eraldatutako gizona baizik.
Zorionez, elementu eta gaitasun bakoitza ezagutzeko bide luzea daukagu. Ahalmenak pixkanaka agertuko zaizkigu; are geldoago ez bagara oso trebeak, eta armak mailaz igotzeko beharrezko baliabideak lortzea kostatzen bazaigu. Izan ere, aizkora, ezpatak zein bestelakoak hobetu ahala hauentzako erasoak desblokea ditzakegu esperientzia puntuak erabilita: konbo bereziak, kolpe hilgarriak zein ahalmen pasiboak lortuko ditugu, eta, gainera, hauek menperatzen ditugun heinean, are boteretsuagoak egingo dira, bigarren mailako abilezia txikiagoak gaineratuz.
Tentsioz betetako dueluetan edozein akatsengatik ordainduko dugu. Orokorrean, istorioko borrokarik nagusienak ez dira oso zailak… aurretik bigarren mailako hautazko erronkak gainditu baditugu, behintzat: etsairik indartsuenak aurkituko ditugu hauetan, eta ohikoa izango da behin eta berriz hiltzea, desafioari heltzeko maila aproposa eduki arren.
Akzioaren berritasunekin jarraituz, taldekideen edo laguntzaileen rola areagotu da. Aurrekoan Atreusekin soilik joaten ginen, baina oraingoan bestelako laguntzak jasoko ditugu. X edo lauki botoia zanpatuta eraso bereziak erabiliko dituzte, baina bere kabuz utzita ere borrokan egiteko gai dira; areago, euren abilezia zuhaitzak dituzte, indarra areagotzeko eta ahalmenak desblokeatzeko erabiliko ditugunak. Bestelako ezustekoak ere ikusiko ditugu zentzu horretan; PCra heltzeko behar izan dituen bi urteetan saihestea lortu ditut, eta ez dizuet spoiler-ik egin nahi, baina aldaketa interesgarriak dakartza Kratosen abenturak.
Erresumatik erresumara
Esplorazioak pisu handia hartzen du, baita. Joko lineala dugu Ragnarök, baina une zehatz batzuetan zeharo zabaltzen da, hainbat bidezidor zein ziega aurkeztuta; are gehiago, gune erraldoiak ere ikusiko ditugu, batzuetan, guztiz hautazkoak. Zur eta lur geratu naiz behin baino gehiagotan, jokoa bukatzear dagoela uste nuenean bide berri ikaragarriak irekita.
Kokalekuen aniztasuna zein hauen edertasuna nabarmendu behar dut. Denetariko tokiak bisitatuko ditugu, eta txoko guztiak, gela txikienetik tokirik erraldoieneraino, xehetasun guztiz sortutakoak dira. PCan ia 200 GBeko pisua dauka jokoak, baina kalitate handiko modeloekin, testurekin, argiztapenarekin eta efektuekin sortutako mundu harrigarriak ikusteko soilik merezi du.
Hauetan puzzleak eta biltzeko era guztietako objektuak aurkituko dituzte protagonistek. Jokoaren unerik dibertigarrienak eta interesgarrienak eratzen dituztela esan beharra dago: besterik gabe aurrera egin beharrean, askatasun gehiago eskaintzen digute, eta, aldi berean, mundu eskandinaviarrei sakontasuna ematen diete kondairekin zein istoriotxoekin. Gauza bera gertatzen zaie pertsonaia nagusiei: hauen nortasuna eta jarrera gehiago ezagutzeko balio digute.
Zoko guztiak bisitatuta zein misio nagusiak eta bigarren mailakoak beteta, denetariko hobekuntzak, baliabideak eta ahalmenak desblokeatuko ditugu. Armadurak zein armentzako edo ezkutuarentzako osagarriak dira nagusiak: Kratosen itxura aldatzeko balio dute, baina ezaugarri eta estatistika desberdinak eskainiko dizkiote gerlariari.
Halere, arma bakoitzari txerta dakizkiokeen eraso erruniko arinak eta indartsuak, amuletorako sorginkeriak, dendetan saltzeko artefaktuak lortuko ditugu, besteak beste… baita hauek mailaz igotzeko eta hobetzeko denetariko baliabideak ere. Etenik gabe ariko gara etsaiek botatako, lurrean ezkutatutako zein kutxek gordetako altxorrak batzen.
Puzzleak gainditzea ere proposatuko zaigu hainbatetan. Jokoaren atalik eskasenetakoa zela irakurrita neukan PlayStation kontsoletan azken bi urteotan jokatu dutenen aldetik; ez puzzleak txarrak edo konplexuegiak direlako, lagun nekagarriengatik baino. Arrazoia zeukaten.
Gainditu beharreko erronka edo puzzle batera iristean, buru hausgarria identifikatzea da lehen pauso organikoa: aktibatzeko, apurtzeko edo mugitzeko ze elementu dituen, hauen ordena asmatzea… Tira, jokoak ez digu horretarako astirik ematen. Denbora pixkat galduz gero, gure taldekideak puzzlea gainditzeko aholkuak eta jarraibideak ematen hasiko zaizkigu. Une batean, adibidez, iritsi berriko gunearen paisaiaz gozatzen nenbilen, puzzle batera iritsi nintzela konturatu gabe… eta Mimirrek nola gainditu azaldu zidan. Ez daukate pazientziarik.
Zorionez, PCko bertsioaren etorrerarekin konponbidea gehitu diote jokoari: orain aholku horiek entzuten hasteko epemuga luza daiteke. Puzzleak gorroto dituztenek ez dute aktibatu nahiko, baina gainerako jokalarioi hasiera batetik hautatzea gomendatzen dizuet, esperientzia ez garrazteko.
Epikotasuna nagusi
Bideojokoak sekulako erritmoa du orokorrean, akzioa, hizketaldiak, puzzleak zein esplorazioa egokiro uztartuz. Tamalez, batzuetan abiadura geldotzen du, eszena edo atal luzeegiak eratuz. Lehen partida batean gogaikarritxoak iruditu zaizkidan guneak errepikatzeko beldurra daukat. Ez da ohikoena, behintzat.
Grafikoki astakeria hutsa dela aipatu dut, baina soinu banda eta bikoizketa lana ere erotzekoak dira. Abesti hunkigarriak zein epikoak entzungo ditugu Ragnarök honetan, behin eta berriz entzutekoa den doinuen zerrenda eratuz. Christopher Judge eta Sunny Suljic aktoreek Kratosi nahiz Atreusi bizitza emateko egindako antzezpenak ikaragarriak dira, baina gauza bera esan beharra dago Sindri, Brok, Freya, Odin edo Thor bezalako pertsonaien bikoizlariengatik.
Obra luzea eta sakona da Santa Monicarena: 40 bat ordu erraz batean sar ditzakegu, misio guztiak bete gabe. Nahiko harrigarria akzioak eta istorioak horrenbeste pisu hartzen duten jokoarentzat; are gehiago, PlayStationen gainerako obra linealarragoak ezagutzen baditugu. Behin jokoa bukatuta, hainbat zeregin berri azalduko zaizkigu: misio txikiak zein jokatzea merezi duten erronkak… eta, 2023ko abendutik bestelako eduki gehigarri interesgarria, baita.
Valhalla-n roguelike desafioetan
God of War Ragnarök argitaratu eta urtebetera, Santa Monicak Valhalla izeneko doako eduki gehigarria kaleratu zuen. Jokotik zeharo aparte geratzen den espantsio txikia, baina oso interesgarria da: hala ere, abentura nagusia guztiz gaindituta edukitzea gomendatzen da, istorioa honen ostean kokatzen baita.
Kratosekin erronka zeharo berriari aurre egin beharko diogu. Valhalla harrera gela bisitatuko dugu berarekin roguelike estiloko mekanikak proposatzen dituen joko mota berrian: azpigeneroaren ohiko elementuak aurkeztuta, partida bakoitzean desafioari hasieratik helduko diogu, gure trebezia eta abileziak agerian jarrita.
Oinarrizko abenturako arma nahiz abilezia gehienak edukiko ditugu; Kratosi hainbatetan gertatu zaion modura, baina, mailak eta osagarriak kenduko dizkigute. Eraso errunikoak edo jantzietako zein armetako estatistika bereziak desagertuko zaizkigu inbentariotik, hauek Valhallan sakabanatutako altxor kutxetan aurkitzeko: gela desberdinak gaindituz onurak edo estatistiken indartzaileak eskura ditzakegu, baita eraso bereziak ere.
Altxorrek ikur desberdinak dituzte gainean: horren arabera jakingo dugu zein motatako saria jasoko dugun, baina ausazkoak izango dira. Zorionez, kutxa bakoitzean hainbat ordainsariren artean hauta dezakegu —eta, aurrera egin ahala, sari berriak eskatzeko aukera desblokeatuko dugu—.
Gatibatzea lortzen duen joko mota da; izan ere, aurrerapenak egiten ibiliko gara saialdi bakoitzean. Desblokeatzeko gauza mordoa daude: armadurak zein itxurak, bizitza zein haserre barren edo estatistiken hobekuntza iraunkorrak, indartzaile gehiago eramateko tokia, hiltzen garenean berpizteko harriak…
Abesti hunkigarriak zein epikoak entzungo ditugu Ragnarök honetan, behin eta berriz entzutekoa den doinuen zerrenda eratuz.
Hauek guztiak roguelike erronketan lortutako moneta desberdinekin eskuratuko ditugu. Zigilu mota desberdinak jasoko ditugu duelu arrakastatsuen ondoren zein esploratzerakoan; gehienak Valhalla hasierako gelan erabil ditzakegu aipatutakoak desblokeatzeko.
Borroketan berritasunekin topo egingo dugu. Etsai berriak ikusiko ditugu, Kratosen abenturen zaleentzako ustekabeko atseginekin; ez hori bakarrik, aurretik aurkituko gabeko edo Ragnaröken agertzen ez ziren etsai nagusiak ere biltzen ditu doako DLCak, jokoa fresko mantentzea lortuz duelu dibertigarri eta interesgarrien bidez.
Ez da horretara mugatzen, alabaina: Hades bikainaren hainbat ezaugarri eta elementu hartu dituzte God of Warrekoek, istorioari pisu handia emanda. Kratosen ibilbideari lotutako denetariko jazoerak berreskuratzen ditu aurrera begira jartzeko: hizketaldiak, oroitzapenak eta ezustekoak biltzen ditu Valhallak. Eta ez du atsedenik hartzen: partida bakoitzean zerbait berria aurkituko entzungo edo irakurriko dugu.
Espantsio txikia hamar bat ordutan ia osorik gaindituta edukiko dugun arren, garatzaileek egindako lana txalotzekoa da; are gehiago, edukia dohainik lortuko dugula kontuan hartuta. Ragnarök gainditu ostean Kratos gehiago nahi dutenentzako modalitate ikaragarria da Valhalla, eta, ez hori bakarrik, gudaren jainkoaren etapa berri honi itxiera emateko modu ezin hobea dugu.
God of War Ragnarök zein Valhalla DLCa akziozko abentura epikoak maite dituztenei zuzenduta daude. Maitasunez garatutako titulu zoragarria aurkituko dugu Kratosen eta Atreusen abenturan: zirragarria, hunkigarria eta ikusgarria da aldi berean, bideojokoek lor dezaketen mailarik gorenaren adierazle argia. Atal guztietan bikaintasuna lortzen duen maisulana eratu du Sony Santa Monica taldeak.
Erlazionatutako edukiak:
God of War (2018) - Analisia
Iruzkinak