PlayStation 5erako iragarri dituzte, oraingoz. Ez dute argitaratze datarik zehaztu.

Kratos gudaren jainkoa bueltan da. State of Play zuzenekoarekin bukatzeko, Playtationek eta Santa Monica estudioak God of War Trilogy Remake iragarri dute.

God of War, God of War II eta God of War III akzio abenturen berregiteak izango dira, Kratos gerlariaren lehen abentura nagusiak elkartuz. Kanpoan geratzen dira Ascension zein PSP eramangarriko Chains of Olympus eta Ghost of Sparta.

Bideojokoa oraindik garapenaren lehen faseetan aurkitzen dela azaldu du T.C. Carson Kratos klasikoaren ahotsak; hori dela eta, oraindik ez dute jokoaren itxura edo atal grafikoa aditzera eman. PlayStation 5ean kaleratuko dira, hasiera batean: izenburuarekin ulertu daitekeenagatik, hiru jokoak bilduma berean ikusiko ditugu.

PlayStationetik ez dute argitaratze datarik eskaini.

 

God of Wartroidvania

Bigarren ezustekoa jaso dute GoWren zaleek zuzenekoan. God of War: Sons of Sparta 2D abentura iragarri eta kaleratu dute.

Mega Cat Studios taldeak garatutako lanean Kratos zein bere anaia Deimos gidatuko dugu gaztaroan. Entrenamendu espartarra jarraituko dugu tituluan: hainbat taldekide desagertu ondoren, protagonistek hauen bila joko dute, denetariko arriskuei aurre eginez.

Metroidvania erako egiturarekin, kokalekuak esploratzen, borrokatzen, puzzleak gainditzen eta abilezia berriak lortzen ariko gara bi anaiekin. Pixel art estetikarekin, jokoari retro ukitua eman nahi izan diote egileek.

PS5ean eskura daiteke dagoeneko God of War: Sons of Sparta.