Michał Kiciński-k CD Projekt enpresari erosi dio saltoki digital ezaguna. Helburu eta zutabe berberak mantentzen jarraitzeko asmoa agertu du.

GOG plataformaren jabetza eskuz aldatu da. Plataformaren webgune ofizialean argitaratutako prentsa oharrean irakur daitekeenez, Michał Kicińskik bereganatu du DRM gabeko saltoki digital ospetsua.

Kiciński 2008. urtean Good Old Games izenpean abiatutako plataformaren sortzaile originaletako bat da, hain zuzen. Marcin Iwiński-rekin batera eratu zuen CD Projekt estudioa eta enpresa: orain arteko GOGen jabea, alegia.

Erosketarekin, GOG CD Projekt taldetik aterako da, plataforma guztiz independente bilakatuta. Hala eta guztiz ere, aldaketa urriak agintzen ditu jabe berriak: hasteko, bideojokoen estudio poloniarraren jokoak GOGen ikusten jarraituko dugu. Hau da, The Witcher IV zein Cyberpunk 2077ren jarraipena GOGen estreinatuko dira etorkizunean.

“Askatasuna, independentzia eta benetako kontrola” adierazten ditu GOGek, azaldu du Kicińskik. Ideia horrekin jarraitzeko asmoa agertu du, plataformaren erroei so eginez; hots, “joko klasikoak berreskuratzea” eta “erositako jokoak erosleenak izatea, betirako”.

 

DRM gabe, eta klasikoak indartuz

Izan ere, saltoki digitalaren indargune nagusia DRM gabeko jokoena da. Jokoen lizentziak zein instalatzaileak salduta, erosleek hauek jaitsi eta edonon gorde ditzakete, edonoiz jokoak instalatzeko eta jokatzeko aukera ahalbidetuta, produktua eroslearena dela bermatuz.

Oso gutxik egiten dute gauza bera: Steam plataformak, adibidez, garatzaileei euren jokoak DRM gabe eskaintzeko aukera ematen die, baina oso gutxi animatzen dira horrekin aurrera egitera —eta, orokorrean, ez dago batere garbi adierazita—.

Good Old Games marka 2012. urtean eraberritu zuen CD Projektek, GOG izena hartuta. GOG Galaxy zerbitzua abiarazi zuten duela urte batzuk, Steamen antzeko launcherra bideratuta jokalari gehiago erakartzeko.

Joan den urte bukaeran GOG Preservation Program zerbitzua estreinatu zuten. Bideojoko zaharrak hartu, eta, garatzaileekin elkarlanean, hauek egungo sistema eragileetan nahiz hardwarearen arazorik gabe exekutatzea bilatzen du zerbitzuak: Total War klasikoak, Worms Armaggedon, Dino Crisis, Vampire: The Masquerade – Bloodlines edo SWAT 4 bezalakoak gaurkotu dituzte, beste zenbaiten artean.