Expansion Pack harpidetza bidez jokatu ahalko da Game Boy Advance kontsolako JRPG klasikoetan.
Game Boy Advance eramangarriko titulurik maitatuenetakoak berreskuratuko dituela iragarri du N handiak: Golden Sun eta Golden Sun: The Lost Age Nintendo Switch Online zerbitzuan argitaratuko ditu etzi.
Nintendoren retro kontsoletako jokoekin gertatu ohi den moduan, kontsola birtualaren bidez eskura ditzakegu bi JRPG klasikoak; hau da, enpresa japoniarraren emulatzailearekin jokatu beharko ditugu. Horrez gain, Expansion Pack mailako harpidedunek soilik ikusiko dituzte beren liburutegietan.
Camelot taldeak —Shining Force edo Mario Golf eta Mario Tennis kirol joko-RPGengatik ezagunak— 2001ean eta 2003an argitaratutako tituluok kutsu klasikodun JRPG abenturak dira.
Txandakako borrokak, esplorazioa, ziegak eta puzzleak izango dira nagusi. Abenturazale taldea osatuko dugu bi jokootan, baina hauen abileziak pertsonalizatzeko djinn izeneko izakiak aurkitu eta harrapatu beharko ditugu.
Djinnek eskainitako botereak borroketan erabiltzearekin batera, Weyard-eko lurraldeak esploratzerakoan baliagarriak dira.
Atal estetikoa ere nabarmentzekoa da bi Golden Sunetan: sprite handiekin eta efektu itxurosoekin, PSX kontsolako 2D jokoen bidea jarraitzen dute.
Golden Sun eta Golden Sun: The Lost Age urtarrilaren 17an estreinatuko dira Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetzan.
Iruzkinak